Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Basajauna eta beste euskal ipuin eta legenda batzuk

Idazlea: Seve Calleja Pérez

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 1997

Bilduma: Topaleku


Prentsako aipamenak:

- Kukuluma, 1998ko iraila. 3. zkia Edizio zaindua benetan honakoa, Aizkorri argitaldariak eskaini diguna euskeraz, Gaviota argitaldariak orain dela hiru urte gazteleraz argitaratu zuen Basajaun el señor del bosque edizio zaindu berberatik hartuta, era guztietako kontakizunekin: batzuk ezagunak, eta besteak ez hainbestekoak; batzuk, ahozko tradiziotik jasoak, eta besteak, berriz, idatzizko euskal literatura tradizionaletik.
Estimatzekoa da Seve Callejak, ipuin eta legenden apailatzaileak, egin digun sarrera, guztiz argigarria gertatzen zaiguna liburuan zehar agertzen diren kontakizunak sailkatzeko, Pierres Lafite akademikoaren irizpideak erabiliz: 1. -Ipuin zoragarriak: basa-istorioak, paganoak, amets-hutsezkoak, basagiristioak, irri-solasak. 2.- Gainontzeko guztiak: mitoak, legendak, etiologikoak...
Guztiz argigarria gertatzen da, bestalde, Sevek ipuinen iturriak ezagutzeko egiten duen ahalegina. Eta ez iturriak ezagutzeko, baita gure tradizioko biltzailerik handienak ezagutzeko entsegua ere: Barandiaran, Azkue, Ariztia, "Kirikiño", Julene Azpeitia, Webster, Cerquand...; euskal literatura tradizionaleko izen nagusiak: Arakistain, Trueba, Campion, Arana, Manterola...; gure mitoen pertsonaiak: Mari, Maju, Sugar, Basajaun, Herensuge...
Jon Juaristiren aitzin solasa ere aipagarria da guztiz. Besteak beste, zera diosku Juaristik, idazle bilbotarrak: tradizio folklorikoak ez duela zerikusirik -edo oso gutxi- nazionalismoarekin, Julio Caro Baroja folkloristaren ildotik joz.
Itzultzaileak hizkuntzarekin izan duen arreta ere azpimarkarria da. Hona Mari Eli Ituarte itzultzailearen hitzak:
"Orain arte azaldu eta aipatutako guztiaz gain euskal edizio honek badu beste zenbait berezitasun ere. Horien artean garrantzitsuena erabilitako euskera ereduari dagokiona litzateke. Itzulpena gauzatzeko unean euskera batua erabili da batik bat, eta Euskaltzaindiak hartutako erabakiak eta berak jarritako arauak errespetatu izan dira. Baina, hala ere, zenbait legenda eta kondairaren jatorri geografikoa oso markatua denez, euskalkien berezitasunak ere kontuan izan dira aipatu arauak errespetatuz, jakina...".
Lan zehatza bezain zorrotza, beraz, Seve Callejak eskaini diguna, eta irakurtzea merezi duena: gazteek eta helduek, bereziki.
- Javier Rojo, El Correo Euskal tradizioa

Seve Callejak liburu honetan zenbait euskal ipuin bildu ditu. Horretarako bi iturritara jo du ipuinok bilatzeko: legendaidazle erromantikoak (Campión, Trueba, Araquistáin...) eta folklorista eta etnologoak (Webster, Azkue, Barbier...). Egin duen aukera dela-eta, esan behar da istorio gehienak nahiko ezagunak direla eta haietako batzuk behintzat azken urte hauetako beste antologia batzuetan ere agertu direla. Alde honetatik nik neuk nahiago nukeen ipuin bereziagoak edo ez hain ezagunak aukeratu izan balitu. Jakina, antologoek duten arazorik handiena zein antologia mota egin nahi duten zehaztea da, eta horretan ezin kontentatu irakurle guztiak. Ipuin bildumaz gain, Seve Callejak hitzaurre interesgarria idatzi du. Bertan saiatu da gaia argitzen, euskal tradizioa inguruko tradizioekin lotzen. Izan ere, behin eta berriro frogatu nahi izan du euskal tradiziozkotzat hartzen diren ipuinak Europako beste aldetan ere agertzen direla, eta ondorioz ezin hitz egin daitekeela euskal tradizioaz aparteko gauza berezia bailitzan. Bukatzeko esan behar da Callejaren hitzaurre honetaz aparte, badagoela beste bat, Jon Juaristik sinatutakoa, baina azken honek nire ustez Juaristiren mamu nazionalistak plazaratu baino ez du egiten.


Basajauna eta beste euskal ipuin eta legenda batzuk