Izenburua:
Balatza, Tximistren alaba
Idazlea:
Txema Garcia-Viana Arenales
Argitaletxea:
Alberdania
Urtea:
2000
Bilduma:
Ostiral
Orri kopurua:
136
Prentsako aipamenak:
- Felipe Juaristi, El Diario Vasco, 2001-09-22 Liburu honek 2000.enean Antonio Maria Labaien narrazio laburren lehiaketa irabazi zuen. Ez zen lehen aldia; Triangelu hautsia izenekoak ere irabazi egin baitzuen 1998.ean lehiaketa bera, oker ez banago diot, eta hori epaimahaian egon nintzela. Lehendabizi esan behar dut Alberdaniakoak ez direla Txema Garcia-Vianaren liburu bakarrak, lehentxeago ere poema-liburu bat baitu argitaratua, Ihes izenekoa (Susa argitaletxean), eta tartean; edo geroztik, ez dakit, Bi ipuin harrigarri (Elkarlanean); bakoitzari berea. Txema Garcia-Vianak abenturazko historiak kontatu nahi ditu, hori nabaria da Triangelu hautsian, eta bere beste ipuin askotan, bederen. Abentura, gaur egun, toki gutxitan aurki daiteke —abentura hutsa esan nahi dut-, abentura purua; Afganistanen ez bada, edo bidaia eginez, bestela. Kanpora joanda, noski.
Baina bada abentura bat, gaurtik iraganera, gaurtik atzera egin daitekeena, denboran zehar, eta abentura horrek mitoak nahi ditu aurkitu. Izan ere; mitoek gure pentsaeran eragina izan dute, eta esan dezakegu gure izaera, gehiago ala gutxiago, irentsi ditugun mitoek landa eta irudikatu dutela. Mito asko dago, jakina. Europako mitoak, esaterako, Bibliako mitoak, esaterako, edo euskaldunok propio sortutakoak. Denek badute zerikusi elkarrekin, ez baitira alferrik sortu mendebaldeko kultur arrago honetan. Denak, ordea, ez dira berdinak, Joxe Miel ataundarrak ongi samar frogatu zuenez. "Balatza" liburuak, esan dezadan, euskal mitologia era literarioan adierazi nahi du. Bidaia bat da, azken finean, euskal mitoen lurraldetik zehar, delako Alicia hark ispiluaren bestaldera egin zuenaren antzekoa. Ez da Garcia Viana lehena horretan, eta ez da azkena ere izango —hala espero dut—. Mitoek misterioaren ateak irekitzen baitituzte: literaturarenak edo, nahi izanez gero, bizitzarenak ere bai.