Izenburua: Badago ala ez dago?
Idazlea: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria
Ilustratzailea: Luis Alonso
Argitaletxea: Aizkorri
Urtea: 1998
Bilduma: Topaleku
Orri kopurua: 95
Adina: 12tik gora
Laburpena:
Badago ala ez dago...? antzerki lan honekin 1991ko "1. Pedro Barrutia" saria lorturik, edizio honetan eskolarako birmoldatua izan da. Bost ekitalditan dago banaturik eta honako hau izan daiteke liburuaren argudioa:
"Konjurio bat bota zuen Mari Petralinek bera erre aurretiko gauean. Denborak aurrera eta, konjurioa egia bihurtzeko sasoia iritsi da. Martin da heroea. Etxetik alde egin du Martinek eta, bere amak herrian kamuflaturik geratzen diren bi sorginei deitu die, semea galduko ote den beldur, laguntza eske. Martin, hala ere, amak txikitatik, zeharka, irakatsitako biderantz zuzenduko da, Mari aurkituko duelako bidean: Marik daki, bakarrik, zer, nola, non eta noren aurka egin behar den, egin beharrekoa, konjurioa bete eta, Sorgintarren zoriontasun eta botere galduak berreskuratzeko. Mari Mari Petralinen eta Majuren alaba delako... Baina, jakina, hori Sorgintarrek dakite bakarrik."
Askatasun bila dabilen 16 urteko mutil gazteak, bizi den basotik harantzago zer dagoenaren jakin minez, etxeko babesa uzteko erabakia hartzen du.
Amak ez du batere gogoko mutilak hartutako bidea, berak etorkizuna beste era batean amesten baitzuen, baina hala ere, patuak, amaren gogoa eta mutilaren geroa bat egitean, zoriona ekarriko duen integrazioa ahalbideratuko du.
- Felipe Juaristi, Behinola 1. zenbakia, 1999ko azaroa Sorginak, misterioa eta gaua
Antzerkia umeentzat, hala esango du norbaitek liburua esku artean hartu orduko. Ez baita ohikoa halakorik gurean, ezta gutxiagorik ere, baina batzuetan gertatzen da norbaitek ipuina-edo idatzi beharrean antzerki lana idazten duela. Liburua, gainera, katalaneraz argitaratuko da aurten bertan. Ez da berri txarra. Egileari buruz esan beharra dago urteak daramatzala haur-gazteentzako literaturgintzan (txiste erraza eginez esan genezake literaturgintza ez dela iturgintza). Sari bat baino gehiago ere eskuratu du, azkena 1997ko “Irun Saria” Jostorratza eta haria eleberriari esker.
Zertan den liburua galdetuko dute batek baino gehiagok. Izenburuari erreparatuta, garbi samar geratzen da sorgin munduan sartu nahi gaituela egileak. Badago ala ez dago?, galdera horrek, misterioa ere adierazten du, misterio itzala. Beraz, hasiera batez, pentsa genezake gai errekurrente horietako bat hartu duela egileak liburua idazteko. Sorginak, misterioa. Hirugarren elementua falta, ordea. Zein? Gaua, noski.
Antzerki lanari buruz esan nahi dut txukun idatzia dagoela eta antzerkiaren arauak errespetu osoz jasotzen dituela. Historia gisa ere, irakurtzeko soilik, entretenigarria da, bizia izateaz gainera. Ez dut uste ez hori, ez gaiaren hautaketa, denik hala ere liburuaren bertuterik nagusiena. Lana, antolatuta dagoen moduan, erabilgarria izan daiteke eskolan, neska-mutil batzuek zerbait prestatu, historia beren esku ahurrean hartu eta gainerakoei erakusteko. Horretan bereziki sumatzen dut lanaren garrantzia. Ez baitago eskolan lantzeko antzerki mordorik: bakan batzuk, hor-hemenka, Matusalemen garaikoak eskuarki. Yolanda Arrietaren hau hutsune hori betetzer dator.
Behinola 1.zenbakia, 1999ko azaroa