Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Azoreak eta baporeak

Idazlea: Mikel Garmendia

Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor

Argitaletxea: Zubia

Urtea: 1998

Bilduma: Sail urdina

Orri kopurua: 75


Laburpena:
Martxelo oroitzapenetan murgildu da. Oroitzen hasi da nola lehenengo aldiz itsasoratu zenean barkuko lagun bat, lagun on bat, uretara erori eta desagertu zen; nola handik urte betera gutun bat jaso eta, horren ondorioz, Azore uharteetarantz abiatu zen Patxi Eroarekin. Nola moldatu ziren Patxi eta biok untzi txiki baten barruan hain urruti joateko. Nola uharte haietako neska batekin maitemindu zen...


Prentsako aipamenak:

- Xabier Etxaniz Erle, Egunkaria 1999ko otsailaren 20a Istorio erakargarria

Euskal Herrian arrantza hain sektore garrantzitsua izanik, oso gutxitan agertzen zaigu literaturan. Haur eta gazte literaturan, bahintzat, oso gutxi dira giro horretan kokaturiko istorioak. Jakina, itzuli dira klasiko batzuk, "Altxor uhartea" zoragarria, "Sandokanen istorioak..." baina, arestian aipatu bezala, oso gutxi dira euskaraz sortutako liburuak. Horietako bat dugu "Azoreak eta baporeak", Mikel Garmendia hondarribitarrak idatzitako gazte nobela hau.

Horiek dira, hain zuzen, liburu honen ezaugarri nabarmenenak: itsasoan giroturiko gazte nobela. Abenturak irakurri eta bizi ahal izango ditugu San Isidro Gloriosoa baporean lehenengo eta Guztiz ederra zera izenekoan ondoren; baina horien ondoan misterio ukitu bat ere badago, eta maitasuna, amodioa... nobela iniaziatiko honetan. Izan ere, Martxeloren bizitza asko aldatuko da narrazioak hartzen dituen bi urteetan; itsasoan izandako esperientziek alde batetik eta lehorrean, batez ere Azoreetan, bizi izandakoek, bestetik, markatu egingo dute Martxelo.

Erakargarri izateko elementu guztiak

Nobelak erakargarri izateko elementu guztiak ditu. Arin irakurtzen da, idazkera zaindu eta biziak badu zerikusia horretan; baina argumentua planteatzeko moduak eta narratzailearen ikuspuntuak nahiz eskutitzen aportazioek laguntzen dute irakurketan. Bai, hasi eta amaitu arte uzten ez den liburua duzu, irakurle. Argumentuak, gainera, badu misterio txiki bat (aurrerago aipatu den bezala), marinel baten desagerpena alegia; baina, horrez gain, maitasun istorio bat daukagu eta marinelen bizitza. Hori guztia udan arrantzan ari den ikasle baten ikuspuntutik.

Gainera, Patxi Zubizarretak idatzitako Atlas sentimentala liburuan gertatzen den bezala, maitasuna edo amodioa (ekintza fisikoa) garrantzitsua da Martxeloren bilakaeran, garrantzitsua da liburuan, eta agian gure literaturan txikitasunaren abantaila izango da horrelako zentsurarik ez izatea eta idazlea (eta irakurlea ere) askatasun osoz aritu ahal izatea. Bestalde, neska-mutilen arteko harremanak (lagun talde bikoteak, etab.) era naturalez agertzen zaizkigu, eta berdin maitasun kontuetako une goxo eta gaziak.

Azoreak eta baporeak honetan, beraz, istorio sinisgarri baten aurrean gaude, ondo kokaturik dagoen istorio erakargarri baten aurrean, eta hori gutxi balitz liburua edozeini gomendatzeko, estilo zaindua eta irakurterrazak alde batetik eta liburuaren egiturak bestetik, areagotu egiten dute gomendio hori.


Azoreak eta baporeak