Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Azken gurasoak

Idazlea: Aitor Arana Luzuriaga

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Argitaletxea: SM

Urtea: 2003

Bilduma: Baporea

Orri kopurua: 138


Laburpena:
AZKEN GURASOAK abenturaz eta zirraraz betetako liburua da. Gure planeta izozturik dago, eguzkirik gabeko gau luzean, eta bizirik geratu diren gizaki bakarrek ez dute itxaropen handirik. Elurrak eta izotzak estalitako hiri zahar baten erraietan, hiru lagunek ihes egiteko bidea bilatuko dute. Bilatzen dutenak, ordea, ez du beti aurkitzen.


Prentsako aipamenak:

- Laura Sagastume, Behinola 9.zenbakia 2003ko azaroa 2025.eko holokaustoa

Antza, "Izarren hautsa" deitutako fenomenoa hogei urte lehenago hasi zen, baina iluna jabetu zen azkenean Lurraz, iluna eta izotza, eta bizitza eta heriotzaren artean, biziraupena nagusitu zen:

Bizimodu hari ez zegoen "bizitza" deitzerik; biziraupena zen, etengabeko borrokan: borroka hotzaren aurka eta borroka ondoarekin, jango ez bazintuen. Suak ordezkatu zuen, noski, elektrizitatea. Eta egurra, ikatza edo plastikoa bezalako erregaiak luxu bihurtu ziren.

Bi gaztek, Asiskok eta Mirarik, baina, itxaropen bakar bat helburu, hirira jo zuten eta elur zurian gorriak eta beltzak ikusi zituzten, ikusi zituztenez. Bi gazteek, hala ere, bi laguntzaile topatu zituzten: Mikel kaskagorria eta Karolina erregina. Haiei esker, ezbehar gordin eta larriak gainditu, eta jauregi desiratua hurbilagoa ikusi zuten.

Istorioa oso odoltsua da, itzulingururik gabea, gore kritikoren baten esanetan, baina badu itxaropenerako eta, iluntasunik ilunenean, argi izpirik. Egileak darabiltzan imajinak, eszenak eta paisaiak oso iradokitzaileak dira eta irakurleak jakinminez beterik egiten du nobelan aurrera. Idazkera ere argia da, funtzionala, trabarik gabea, eta zaindua hala eta guztiz ere (bi konparazio argigarri, adibide moduan: "ur tanta batek burdina gorian irauten duena baino gutxiago iraungo dugu" edo "Afrikako pigmeoek antilope bat garraia lezaketen bezalaxe"). Kritikari honen begietara bi bitxikeria nabarmendu dira, hala ere: "zientziagizon" hitz zaharkitu eta desegokiaren erabilera (zientzialarien ordez) eta Karolinari buruz hitz egitean izenlagunen erabilera errepikakorregia: "on", "jator", e.a. Huskeriak, edozein moduan.

Ezustea da nobela honetan behin eta berriro -eta maisuki esango nuke- erabiltzen den beste baliabidea. Eta, ezustez ezuste, irakurleak irentsi egingo du Azken gurasoak nobela. Gainera, ongi erreparatuz gero, amaieran ezuste gehiagoren berri izango du, modu sotilagoan, fineziaz emana. Gorago aipatutako kritikoak "umore falta" leporatu zion nobela honi, baina umorea sartuz gero beste nobela bat, beste planteamendu bat izango luke egileak, eta ez dirudi inondik inora hori izan denik bere asmoa. 2025.ean modu naturalean -askoz ezkorragoa izango litzateke gizakiek eraginda izan balitz-gertatutako holokaustoa kontatu du, zientzia fikzioaren esparruan bete-betean sartuz, baina zientzia fikzio onak bezala, gaur egungo bizimoduaren kritika latza ere jaso daiteke. Agian.


Azken gurasoak