Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Azeri-zuloa

Idazlea: Pello Esnal Ormaetxea

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2001

Bilduma: Branka

Orri kopurua: 232


Laburpena:
Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak antolaturiko Joseba Jaka literatur beketako II. deialdian Pello Esnalen proiektu bat saritu zen gazteentzako literatura alorrean, eta orain aurkezten diegu euskal irakurleei, egitasmo zena liburu bihurturik.

Erreformatoriora eraman dute Andoni, bere herritik indarka aterata. Askatasuna galduko du mugimendu guztiak neurtuta dauden etxe horretan; guraso eta senideak galduko ditu bera bezalako mutil zigortuak besterik ez dauden eremu itxian; eta izena ere galduko du, Antonio deitura ofiziala eman baitiote fraile eta irakasleek, Txatxarolas ezizen mingarria itxiturako kideek.
Biziak ez du etenik ordea. Rofekort deitzen dioten erreformatorio horretan egun orok du bere abentura, handi nahiz txikia, eta eguneroko gorabehera horietan aurkituko ditu Andonik bere kezkak eta bizigarriak: eskolako larrialdiak direla, futbol-partiduetako poxak direla... Rokeforteko biztanleetan ere denetik topatuko du, irribarrea eta laguntza eskaintzeko prest dauden lagunak, bai eta azpikerietan dabiltzan zipotzak ere.
Oroitzapen hunkigarria eta idazkera gozo bezain dotorea elkartzen ditu Pello Esnalek gazteentzako nobela eder honetan. Berau idazteko bere esperientzia erabili du gainera, Esnal irakasle egon baitzen Iruņeko erreformatorio batean eleberriko istorioa kokatzen den garaian: 70eko hamarraldi hasieran. Zuzeneko ezagutza horrek nabarmenago egiten ditu, noski, kontakizunaren aberastasun eta sinesgarritasuna.


Prentsako aipamenak:

- Javier Rojo, El Correo 2001eko irailaren 5a, Erreformatorioa

Pello Esnalek Joseba Jaka II.Literatur Bekako sariaren laguntzarekin burutu du "Azeri-zuloa" izeneko nobela hau. Nobela honetan kontatzen zaigu nola oraindik hamabi urte bete ez dituen mutil bat sartu duten erreformatorio batean. Garaia ez da zehazten, baina zeharka bederen, 60ko hamarkadako azken urteetan edota 70eko hamarkadako lehenengoetan kokatu ahal da. Mutila erreformatorioan sartzeko arrazoiak direla-eta, hasieran informazio gutxi ematen zaio irakurleari, heriotza batekin lotuta dagoela bakarrik. Misterio hau eta erreformatorio aurreko garai lausoetan gertatutako beste zenbait gauza, poliki-poliki azalduko dira nobelan. Erreformatorioan giro itogarria izango da nagusi eta batzuetan hori gobernatzen duten fraileek eta mutilaren kideek osatzen duten mundu itxiak kanpoko munduaren metafora iluna eta tristea dirudi. Noizean behin, tonu ilun honetan agertzen den punttu poetikoak Italiako zinean neorrealismo deitu zenaren antzeko kutsua ematen dio istorioari. Edonola ere, nire ustez, gaur egun honelako istorio bat, ondo kontatua eta elkarrizketa biziz hornitua bada ere, mugatuegia gerta daiteke interesa pizteko, horrelako giroak (fraileek eta errepresioak sinbolizatuak) pairatu ez dituztenengan behintzat.
- 34 HABE 317 Liburu hau eskuetan hartu eta kontrazala irakurri baino lehen azalari erreparatzen badiogu, bi elementuren arteko kontrastea nabaritzen da. Alde batetik, garai bateko argazkia dago, 70eko hamarkada inguru horretan eskolan bertan eskola-umeei ateratzen zitzaien horietakoa. Bestetik, nobelaren izenburua. Eta zergatik kontrastea? Bada mutilak on-puska dirudielako, txintxoa, eskolako lanak xuxen egiten dituen horietakoa. Ondo orraztua dago. Agian amak bestetan baino dotoreago bidaliko zuen semea eskolara, argazkian txukun-txukun azaltze aldera. Mutil horren begiratuak badu duintasun-ikutu bat ere. Beraz, mutil hori ikusi eta gutxitan espero dena azpian azaltzen den izenburu asaldagarria da: azeri-zuloa. Nola lotu mutiko otzan hori eta azeri-zuloa bezalako toki arriskutsua? Bera ere azeri samarra ote da? Eta hori zer da, ona ala txarra? Eta argazkian, mutilaren gibelean dagoen beste mutiko misteriotsu hori, nor ote da? Lehen begi-golpean aurreko mutilaren itzala dirudi, baina ez. Itzalak ere eskua mahai gainean baitauka, benetako eskua. Beraz, beste mutiko bat behar du. Nor baina? Horra galdera. Liburuaren azalean galdera-ikurrik duen esaldirik ez da ageri inondik, baina galderak bai. Eta galdera horien bidez barrura, Pello Esnalen liburuaren tripetara sartzeko gonbitea egiten du J. Felix Igartua azalaren disenaitzaileak.

Ondoren kontrazala irakurtzen hasi, eta lehendabiziko hitza: Erreformatorioa. Konnotazio handiko hitza. Hori ote da azeri-zuloa? Hor sartu ote da/dute argazkiko mutila? Ala hortik atera nahi du? Ala biak? Eta zergatik deitzen diote Txatxarolas? Eta zer du, bada, mingarritik ezizen horrek? Erantzunak, beti bezala barruan daude, oraingo honetan mutil ondo orraztuak berak emanak.

Pello Esnalek liburu honekin Joseba Jaka literatur beketako bat lortu zuen. Liburuarekin ez, liburuaren zirriborro batekin. Orain eskuartean dugu liburua. Pello Esnal bera ere maisu izana da Iruņeko erreformatorio batean. Agian horregatik da sinesgarria istorioa. Horregatik da kontakizuna Andoni Txatxarolasen ikuspuntutik kontatua dagoelako.


Azeri-zuloa