Izenburua:
Azeri axiantea
Idazlea:
Le Roman de Renart
Ilustratzailea:
Antton Olariaga Aranburu
Itzultzailea:
Juan Mari Arzallus
Argitaletxea:
Alberdania
Urtea:
1998
Bilduma:
Ostiral
Orri kopurua:
200
Laburpena:
Aspaldidanikoa du gizakiak joera, dituen ahalmenak eta ezinak, akatsak eta bertuteak jainkoei, animaliei edo gauzei eratxikitzeko eta alegietara aldaturik gogoan darabilenen bat salatzeko, barregarri uzteko edo goresteko. Frantziako literatura tradizioko ipuin ezagun hauek euskaraz sortuak bezala irakurriko ditu euskal irakurleak.
Prentsako aipamenak:
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Animalien historiak.
“Le Roman de Renart” da frantsesezko eta jatorrizko izenburua. XII. mendean hasi omen zen idazten eta zabaltzen. Itxura denez “Le Roman de Renart” egin zutenek lehenagotik ahoz aho zebiltzan ipuinak erabili zituzten beren liburua taxuz osatzeko. Idatzitakoak ere hartu zituzten; haietaz baliatu ziren. Izan ere, aspalditik datorkio gizasemeari animalien bizkarrean jartzea berez gizasemeari lepora dakizkiokeen akats-bertuteak, on-txarrak. Literatura baino gehiago da honako hau. Mundua sinpleagoa zen orduan, eta animaliek eragin handia zuten munduari buruz gizasemeek zuten ikuskeran. Harreman zuzena baitzegoen animalien eta gizon-emakumeen artean. Etsai baino, ellkarren osagarri ziren. Ipuin-bilduma honen aitzindaritzat har daitezke Esopok eta Fedrok idatzitako alegiak.
Animaliek izena zuten, jenerikoaz gain berezko bat. Honako liburu honetan bada pertsonaia bat, Isengrin izenekoa, otsoen artean otsoena. Azeriak ez du berezko izenik, baina gainontzeko beste animaliek bai. Oso garrantzitsua deritzot ianimaliei izen-emate hori, izena duen orok izana baitu, euskaldunok ondotxo dakigunez. Animaliek gizasemeen ispilu dira liburuan.
Egileei buruz oso gutxi dakigu, eta norbaitek, jakinminak akuilaturik, zer edo zer gehixeago jakin nahiko balu, jo besterik ez du edizio honetako sarrera gisako testura. Euskarazko bertsioa polita eta aberatsa da. Gordetzen du ahozko zaporea, hitzetan nola joskeran. Atsegina da irakurtzeko. Hori zor zaio Juan Mari Arzallus moldatzaileari. Bestalde, berak hartu du ipuinak hautatzeko lana. Berak erabakita geratu dira ipuin batzuk bidean. Liburuaren haria ere berak erabakitakoa da. Esan daiteke, ordena duela liburuak, frantsesezko roman bati dagokion bezala.