Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Axa mixa zilarra

Idazlea: Jesus Mari (Txiliku) Olaizola Lazkano

Ilustratzailea: Elena Odriozola Belįstegui

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2000

Bilduma: Dona dona

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Igarkizunak, ipuinak, kantak, hitz-jokoak, aho-korapiloak, jolasak eta beste hainbat bitxikeria.

Liburu hau ez da besteak bezalakoa, liburu hau EUSKARAZ JOLAS EGITEKO LIBURUA da. Zabal ezazu edozein orrialdetan eta zeuk igarriko diozu irakurtzeko baino gehiago jolasean egiteko liburu bat duzula eskuetan.


Prentsako aipamenak:


- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 3. zenbakia, 2000ko azaroa “Euskaraz jolas egiteko liburua” azpiizenburua duen liburu honetan folkloretik jasotako hainbat elementu eskaintzen dizkigu Txilikuk. Erabilerako ohar eta aurkibidean azaltzen duen bezala, irakasle, liburuzain, guraso eta haur literatura eta haurrekin erlazionaturiko hainbat lagunek egindako jardunaldi batzuetan honelako beharra ikusi eta liburu honi ekin zion idazle zarauztarrak. Izan ere bilduma bat baino gehiago da liburu hau; bertan igarkizunak, jolasak, ipuin laburrak, aho-korapiloak... biltzen dira, baina horrez gain liburua bera jolas moduan eskaintzen da. Hots, edozein lekutan irakurtzen hasi (jolasten hasi esan beharko genuke behar bada) eta erantzunaren bila liburuaren beste toki batera joan behar da, han erantzunarekin batera beste igarkizun, beste galdera bat, beste hitz-joko bat izango duelarik irakurleak.
366 ataletan (egun bakoitzeko bana) banatuta dago Axa mixa zilarra zotz egiteko formula baten hasiera izenburutzat duen liburu hau; baina 366 atal horiek bi multzo nagusitan agertzen zaizkigu, bakoitiak eta bikoitiak alegia, eta horrela irakurleak laugarrenaren ondoren seigarrena duen bezala, erantzunak bilatzeko orduan aurretik atzera eta gibeltik aintzinera ibili beharko dugu.
Liburua osatzen duten elementuei buruz, berriz, igarkizunek dute zamarik handiena (eta honetan zerikusia izango du Txilikuk berak 1995ean argitaratutako Lau titiriti, bi tatarata... igarkizunei buruzko liburu bitxi et interesgarriak), ondoren kantek, ipuin laburrek, hitz-jokoek eta azkenik aho-korapiloek. Baina irakurleak bat-batean hasi eta bukatu arte esku artean izaten diren liburu horien ordez apurka, noizean behin, dastatzeko plater gozoa du obra hau. Orain igarkizun batzuk, gero galdera bati erantzun (“Ba al dakizu zer erantzuten zaion zer? galdetzen duenari?, esaterako), apur bat beranduago ipuina irakurri eta igarkizun batekin amai daitekeen jatordu literarioa eskaintzen zaio orrialde hauetara hurbiltzen denari.
Jolasteko eta gozatzeko liburua da, zalantzarik gabe, Txilikuren obra hau. Gurasoei eta irakasleei zuzenduta egonda ere haurrak beti gogoan izanda eginiko liburua; izan ere azken hauek baitira jolas, igarkizun, galdera edo delakoen azken hartzaileak. Eta lan horretan guztian Elena Odriozolak eginiko ilustrazio alai eta iradokitzaileak, koloretan guztiak, oso aproposak dira. Liburuak berak zuen balioa areagotzen duten ilustrazioak, duda barik.
Alde horretatik esan dezakegu liburutegi eta ikastetxe guztietan izan beharreko liburu baten aurrean gaudela; eta haurrekin gure tradizioan oinarrituz jolastu nahi duen orok edukitzeko moduko bitxia.

- Xabier Etxaniz Erle, Egunkaria 200ko azaroaren 11a, AZKUE, bere Euskalerriaren Yakintza liburuan, euskal folkloreaz ari zen. Neurri batean Jakintza eta Folklore terminoek esanahi berdintsua izan dezaketelako, edo herri baten folklore, herri horrek uzten duen hondar hori, herrialde eta herritar horien jakituria delako.

Oraingo honetan, Euskeraz jolas egiteko liburua azpi-izenburua duen honetan folkloretik jasotako hainbat elementu eskaintzen dizkigu Txilikuk. Alegia, jolasteko baina era berean ikasteko edo gure herriaren jakituria edo jakintza ezagutzeko liburua.

Egileak erabilerako oharretan eta aurkibidean azaltzen duen bezala, irakasle, liburuzain, guraso eta haur literatura eta haurrekin erlazionaturiko hainbat lagunek egindako jardunaldi batzuetan honelako beharra ikusi eta liburu honi ekin zion. Izan ere, bilduma bat baino gehiago da liburu hau: bertan igarkizunak, jolasak, ipuin laburrak, aho-korapiloak... biltzen dira, baina horrez gain, arestian aipatu bezala, liburua bera jolas moduan eskaintzen da, jolas bat da. Hots, edozein lekutan irakurtzen hasi (jolasten hasi esan beharko genuke beharbada) eta erantzunaren bila liburuaren beste toki batera joan behar da, eta han, erantzunarekin batera, beste igarkizun, beste galdera bat, beste hitz-joko bat izango du irakurleak zain.

Eta jolas horretan liburuaren banaketak berak ere garrantzia edo zerikusia du. 366 ataletan (egun bakoitzeko bana urte bisurteak ere barne hartzen direlarik) banatuta dago Axa mixa zilarra zotz egiteko formula baten hasiera izenburutzat duen liburu hau; baina 366 atal horiek bi multzo nagusitan agertzen zaizkigu, bakoitiak eta bikoitiak alegia, eta horrela irakurleak laugarrenaren ondoren seigarrena duen bezala, erantzunak bilatzeko orduan aurretik atzera eta gibeletik aitzinera ibili beharko dugu.

Liburua osatzen duten elementuetan, berriz, igarkizunek dute zamarik handiena; izan ere, ezaguna ez bada ere, Txiliku izan da igarkizunei buruz gure artean eginiko liburu interesgarri eta eder baten egilea: Lau titiriti, bi tatarata... 1995ean kaleratua eta 700 igarkizun batzen dituen obra didaktikoa. Baina igarkizun horiez gain, edo horiekin batera, kantek, ipuin laburrek, hitz-jokoek eta, azkenik, ahokorapiloek osatzen dute liburua.

Obra hau ez da irakurleak bat-batean hasi eta bukatu arte esku artean izaten diren liburu horietakoa, ez; noizean behin dastatzeko plater gozoa da obra hau. Orain igarkizun batzuk, gero galdera bati erantzun ("ba al dakizu zer erantzuten zaion zer?" galdetzen duenari?, edo ba al dakizu zer esaten zaion gaiztakeria handiren bat egiten duenari?, esaterako), apur bat beranduago ipuin laburra irakurri eta igarkizun batekin amai daitekeen jatordu literarioa eskaintzen zaio orrialde hauetara hurbiltzen denari.

Jolasteko eta gozatzeko liburua da, zalantzarik gabe, Txilikuren obra hau. Gurasoei eta irakasleei zuzenduta egonda ere, haurrak bati gogoan izanda eginiko liburua; izan ere, hauek baitira jolas, igarkizun, galdera edo delakoen azken hartzaileak. Eta lan horretan guztian Elena Odriozolak eginiko ilustrazio alai eta iradokitzaileak, koloreetan guztiak, oso aproposak dira. Liburuak berak zuen balioa areagotzen duten ilustrazioak, duda barik.

Alde horretatik esan dezakegu liburutegi eta ikastetxe guztietan izan beharreko liburu baten aurrean gaudela; eta haurrekin gure tradizioan oinarrituz jolastu nahi duen orok edukitzeko moduko bitxia. Jolastuz gure herriaren jakituria bereganatzeko obra aparta, edo jakituriarekin jolasteko, zergatik ez?
 


Axa mixa zilarra