Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Aspertuta, Minimoni?

Idazlea: Rocio Bonilla

Ilustratzailea: Rocio Bonilla

Itzultzailea: Gerardo Markuleta

Argitaletxea: Algar

Urtea: 2019

Orri kopurua: 32

Adina: 6tik gora


Laburpena:

Album ilustratu honek asperduraz hitz egiten digu, ezertan ere ez aritzean sentitzen den ezinegonaz.

Minimoni da protagonista. Aste osoa okupatuta dauka neskatila honi (eskola, hockeya, liburutegia, amonari bixita, marrazketa lantegia eta txangoak), igandeak aspergarriak egiten zaizkio oso, egiteko EZER ez duelako.

Bere gelan pentsakor, ez aspertzeko zer egin ote dezakeen galdetzen dio bere buruari, eta ezer bururatzen ez zaionez, ate gorriaren atzean bizi den saguari galdetzea erabakitzen du. Hark ere ez omen daki asperdura nola gainditu, baina agian untxiak jakingo duela komentatzen dio. Ez untxiak, ez saguzarrak, ez armiarmak, ezta sugeak ere, inork ez daki erantzuna; pinguinoak eta baleak ere ez, ezta elefanteak eta estralurtarrak ere. Azken honek amari galdetzea aholkatzen dio. Eta ama gelara sartzen denean “baina zu ez al zeunden aspertuta?” galdetzen dio. Izan ere, gelatik atera gabe sekulako jolasean aritu da Minimoni, bere jostailu eta trasteekin.

Irudi koloretsuak, adierazkorrak eta xehetasunez beteak eskaintzen zaizkigu. Hasieran Minimoniren gela ikusten dugu, bertan dauden jostailu eta objektuak. Ondorengo orrialdeetan bizitzen dituen abenturetan gelan dauden jostailu eta objektu horiek agertzen dira, banaka; eta amaieran berriz ikuspegi osoa, gogora ekarriz gelatik atera gabe bizitu dituela abentura guztiak, irudimenarekin jokatuz.

Atzealdean asteko programa egiteko agendatxoa dakar, bakoitzak bere egitekoak apuntatzeko.


Aspertuta, Minimoni?