Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Apaiz zaharraren gitarra

Idazlea: Joan Mari Irigoien

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 1997

Bilduma: Xaguxar

Orri kopurua: 166


Laburpena:
2000. urtearen atarian kokatzen da istorio gazi-goxo hau. Pertsonaia ugariz maisu handi batek egindako koktela da: don Meliton apaiza, bere iloba Leontxi, Bideopit segurtasun indarren zainburua, Zitz eta Zotz epotxak, doņa Kamila maistra, Faraonides arkitektoa, Baltasar magoa, oilo zuria, kangurua... Pertsonaiak elkarrekin gurutzatzen direnean era guztietako sentimendu eta ustegabeak sortuko dira: maitasunezko txinpartak eta gorrotozko tximistak. Hemengo gertakizun asko gure herri honen ispilu dira, hori bai, umorez eta fantasiaz gainezka kontaturik. Liburu honek irakurleari ez dio aspertzeko denborarik emango, ez baita geldituko puzzlearen pieza guztiak bere lekuan ikusi arte.


Prentsako aipamenak:

- Xabier Etxaniz, Egunkaria 1996ko abenduaren 28a

Gaztetxoentzako nobela honetan gai asko ukitzen ditu Irigoienek. Altzaga izeneko auzoan kokaturiko zientzia fikziozko istorioan errealitate hurbilarekin zerikusirik duten elementu ugari aurki daitezke. Bideo zaintza, Poliziaren jarrera, jauntxoen interes ekonomikoak, ekologisten protesta, gazte jendearen haserrea, apaizen jokabidea... ugari dira elementu errealistak, baina era berean fantasiak lekua du 2000. urtean lekututako nobelan; bibliatik datorren fantasia (Moises txikia edo bukaera apokaliptikoa, adibidez), asmakuntzatik sortutako fantasia (Getariako arratoia) eta ahozko tradiziotik ekarritakoa (arrautza lurperatu ondoren hazten den zuhaitza, esaterako).

Errealitatearen eta fantasiaren nahasketaren ondorio dugu Apaiz zaharraren gitarra, borroka baten historia; Altzaga auzoko berdegunean Faraonides eta gainerako jauntxoek eraiki nahi duten zabortegiaren kontrako borroka. Gazte eta zahar, denak altxatzen dira Bideopit segurtasun indarren kontra.

Baina hori ez da nobelan dagoen istorio bakarra, Leontxirena ere badago, edo Nabukodonosortzena (handitzen ez zela eta, geroago Zotz deituko dutena). Zotzen heldutasun prozesua ere ikus daiteke nobela entretenigarri honetan.

Egia esan Irigoienen estiloa ez da zaila egiten irakurtzean, arin eta atseginez jarraitzen da istorioaren haria; beharbada hitz joko ugariek ematen diote astun giroa batzuetan, baina, nire ustez, idazleak istorio gehiegi erabili ditu puzzle honetarako. Zabortegiaren kontrako borroka izateaz gain, Zotzen bizitza ere bada nobela, Meliton zaharrarena den bezala edo auzoan dauden interesena, gazteek eta jauntxoek, apaizek eta hauen agintariek dituzten interesen istorioa. Eta puzzle horretako piezak elkartzeko elementu fantastikoak eta errealistak ageri zaizkigu. Alde horretatik nobelaren egiturak ez du funtzionatzen, ez dago kohesio landurik (egilearen beste lan batzuetan ikusten dena).

Hala ere, une entretenigarria igaro nahi duenak aukera ederra dauka apaiz gitarra jole bitxi honen abenturak eta desbenturak irakurriz. Lehena eta oraina, bibliako Moises eta bideo zaintza elkartzen dituen nobela honetan.


Apaiz zaharraren gitarra