Izenburua: Aizak eta aizan elkarrekin dantzan
Idazlea: Anjel Lertxundi Esnal
Ilustratzailea: Antton Olariaga
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2002
Bilduma: Dona dodan
Orri kopurua: 196
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Gauza jakina da, edo bai behintzat behin eta berriro errepikatzen den kontua, hizkuntzak, bere tradizio luze eta aberatsean, altxor asko eta ederrak utzi dizkigula, eta aho batez onartzen dugu guztiok tradizioaren ekarriak duen garrantzia hizkuntzaren garapenerako (adierazpenerako, jolaserako, gauzak sakon, bizi eta graziaz esateko, gure hizkuntzaren sena transmititzeko, labur esanda).
Dona Dona saila abian jarri genuenean hori guztia kontutan hartuta egin genuen, irudipena baikenuen hizkuntzaren transmisio modu hori, bere literatur eta hizkuntz baliabide guztiekin baztertuxea dugula gurean.
Hala, lehenengo liburuak, Txilikuren Axa mixa zilarrak, tradiziozko egitura eta altxor horiek bildu, eta edizio erakargarri eta txukunean argitara eman zituen. Harribitxi bat da Axa mixa zilarra alde horretatik ere.
Sailako bigarren liburuak, Juan Kruz Igerabideren Mintzo naiz isilik, igarkizunak landu zituen dotore asko.
Eta hirugarren honek, Anjel Lertxundiren Aizak eta aizan elkarrekin dantzan liburuak, tradizioaren altxorra beste ikuspegi batetik hartu du; antzerkiaren eta errepresentazioaren alderditik. Horregatik, hemen agertzen diren baliabide guztiak —egitura erritmikoak, kantuak, esanak eta adierazpideak…— elkarrizketa moduan datoz. Orobat, tradizioari bihurritu bat eman dio Anjel Lertxundik eta liburuan hiru modutako piezak sartu ditu: altxor tradizionaleko hainbat pieza eder bildu eta hautatu ditu batetik; horrez gainera, egitura tradizionalak imitatuz, pieza berri asko asmatu ditu; eta, azkenik, pieza berri-berriak ere sortu ditu, egitura tradizionalen harira beti ere.
Hala, sormen literarioaren hiru bideak erakusten dizkigu Anjel Lertxundik: altxorra, altxorraren imitazioa eta sorkuntza. Tradizioak eta etorkizunak halaxe egiten dutelako elkarrekin dantzan.
- Laura Sagastume, Behinola aldizkaria 7.zenbakia 2002ko azaroa Letra eta kolore zaharrak berri
—Liburu zaharra?
—Atsegin hartzeko.
Atsegin hartzeko duzu,beraz, irakurle,liburu zahar hau.Eta zaharra dela diot tradizioan duelako oinarri,kontu eta kantu zaharretan abiatzen delako gaur-biharretan guri atsegin emateko.Liburu zaharra,beraz,eta berri-berria.Baina irakur diezaiogun egileari sarreran horretaz guztiaz dioskuna:
Kontu jakina da mundu hura ez dela itzuliko,transmisio moduak beste batzuk dira gaur.Ados.Ez naiz,bada,iragan minez ari,eta Dona dona sailak,izatekotan ere, etorkizun mina du motore.Gure identitatea gorde nahi dugu,hori da gure etorkizuna,baina mundu hark utzi zigun ondare literarioak gure identitate kulturalaren zantzuak daramatza bere baitan.Bertan daude jasorik,modurik bizienean egon ere,gure hizkuntzaren jokatzeko eta jolasteko modu aberatsenak (elipsiak,ironia,erritmoa,estilizazioa,aliterazioa,irudiak,konparazioak …).Gure hizkuntzaren gaurko egoeran,transmisio guztiak nekez dira onak (egunero ikusten ari gara hainbat irakasle,testu edo jarduera kaskar).Transmisio kaxkarraren arazoa daukagu,eta transmisio kaskarrak nekez ekar dezake ondorio onik.Baina gauza bat dago garbi:altxor tradizionala transmititurik,gure hizkuntzaren sena transmititzen dugu,horretan ez dugu oker jokatzeko arriskurik.
Zalantza hori bera agertu izan da Anjel Lertxundik haurrentzat nahiz helduentzat idatzi ohi dituen beste hainbat lanetan,esate baterako, Maxeren abenturetan (Elkar).Baina kezka hori inon baino esplizitoagoa eta agerikoagoa dugu Letrak kalekantoitik (Alberdania) helduentzako liburuan.Are gehiago, batzuetan,liburu hau irakurtzen ari ginela,haren haru bertsio bat ote zen,haren kutsua ote zuen iruditu zitzaigun.Gainera,parekotasuna are urrunago doa Antton Olariagak bi liburuei ematen dien ukitu ezin pertsonalagoarekin.
Baina zer da zehazki Aizak eta aizan elkarrekin dantzan ?Antologia da gure tradizioko hainbat pieza eder biltzen dituelako (Ama, goseak nago ni;O,Pello,Pello; azken aldian Ruper Ordorikak kantatu izan duen Frantzie kortetik; Maiteak erran zerautan …);baina horrez gain,egitura tradizionalak imitatuz,egileak beste hainbat altxor eskaintzen digu,gaurkotuak eta bereganatuak nolabait esateko.Amaitzeko,liburuan guztiz berriak diren hainbat pieza biltzen dira,baina guztiek ere aire tradizional bat dakarkigutela.
Hala ere,hori guztia esatea deus gutxi esatea baita,hainbat bitxiren artean irakurlearentzat gutxienez bi aukeratu nahi genituzke.Orain bat, eta beste bat amaieran:
Bisitari baten esanak
Lehendabiziko egunean:
—Aspaldiko!Hau poza!
Bigarren egunean:
—Enbarazuan zaudela?Tira, tira …
Hirugarren egunean:
—Aspertzen hasiak gaude.Noiz egingo du alde?
Laugarren egunean:
—Jateko gutxi eman diogu.
Bosgarren egunean:
—Ardoa nahi duela?Emaiozu ura!
Seigarren egunean:
—Ez ote du honek akaberarik?
Zazpigarren egunean:
—Ba al zoaz?Zein azkar … Egiguzu gutuna,zuenera heldu bezain
laster.
Badago,hala ere,kantu eta kontu hauek guztiak batzen eta bereizten dituen beste ezaugarri bat:antzerkia.Hau da,liburu honetan ez ditugu stricto sensu antzezlanik topatuko,antzezpenerako aukerak eskaintzen dituzten testu labur-la-burrak baizik.Anjel Lertxundik Maritxu nora zoaz jartzen du horren adibide,eta testu ezagun horretan nola baliatu zen bere adiskide bat txantxa barregarri bat egiteko.
Baina Anjel Lertxundik gai honi buruz bestelako gogoeta sakonagorik ere eskaintzen digu:
Literarioki eta psikologikoki,antzerkia da generorik lotuena haurrak lehen urteetan duen ibilbidearekin: batetik gorputza ezagutzen eta hizkuntza ikasten ari da haurra;bestetik,gorputzaren mugimendua eta hitza uztartzen dituen artea da antzerkia.Ez gaude margoen,jostailuen,material didaktikoen edo ordenagailuen premian,ez dugu deus behar antzerki bat martxan jartzeko:gorputza eta hitza,denok gara doaneko material horien jabe.
Letren altxor zabal bat, beraz, gu denon eskura,eta antzezpenerako proposamena.Baina hori guztia desberdina litzateke,esate baterako,Azkue edo Joxemiel Barandiaranen erara,marrazkien eta koloreen eusgarririk gabe etorriko
balitz.Baina,arestian esan bezala,orain ere Antton Olariaga dugu Anjel Lertxundiren bidelagun aparta,liburua bera altxor egiten duena.
Antton Olariagaren lana haur literaturan ohikoak diren formetatik urruntzen da:ausartagoa da,apurtzaileagoa,libreagoa,surrealistagoa nahi baldin bada.Eta beharbada horregatik haurrarengandik hurbilago egon daiteke aurreiritziz eta gustu zehaztuegiez lepo dagoen helduarengandik baino.Bere marrazkiak mugimendu handikoak dira,xehetasunak jasotzen dituzte,maketan ez dute behin eta berriro leku bera betetzen,fantasiaren ordenamendua bestelakoa bailitzan,ez dituzte beti oinak lurrean eta burua gora edukitzen (maketazio lan bikaina erakusten digu oraingoan ere ilustratzaileak). Badirudi testuek dituzten ezugarriak forma eta koloretan ere agertzen direla.Eta beharbada horixe da modurik onena zahar kutsua izan dezaketen letrak gaurkotzeko eta berritzeko.
Baina,marrazkiak jaso ezinik, gutxienez ekar dezagun lerrootara arestian agindutako letrezko beste adibide bikain bat.
Disparateak (I)
—Gor batek entzun zuen mutu batek kontatzen zuela itsu batek ikusi zuela herren bat dantzan soka baten gainean.
- Ez da egia!
-Gezurra, egia, ohe azpian txerria!