Izenburua: Aitonaren lo-kanta
Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola
Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga Otamendi
Argitaletxea: Creotz
Urtea: 2021
Bilduma: Kometaren haria
Orri kopurua: 56
Adina: 2tik gora
Laburpena:
Aitonaren lo-kanta liburuan bizi berriari eta jaiotzeari eskainitako olerki ilustratuak erakusten dira tonu goxo, jostalari eta intimoan.
Hogeita hemezortzi olerki eskaini dizkio aitonak bere bilobari. Horietan aitonak erakutsiko dizkio amaren sabelean bizitza garatzen hasi zuenekoa, jaio bitartekoa eta jaioberritakoak, kronologikoki. Dena behatu du aitonak, baita bere poeta begiekin kontatu ere. Aitona eta biloba elkar ezagutzeari egindako omenaldi gozoa da liburua, aitonak haur jaioberriari eskainiko dizkion lo-kantak eta agurraren koplak emango diote amaiera liburuari.
Olerkiak neurri ezberdinekoak dira, gehienak laburrak. Haur baten sorrerak, haurdunaldiak eta jaiotzak eragiten dituen sentimenduak eta egoerak garatzen dira. Olerki guztiak izenburua dute eta horrek olerkien jarraipena eta inprepretazioan laguntzen du.
Neurri ezberdineko irudiak atontzen dituzte olerkiak. Orri bikoitzeko ilustrazioak nabarmentzen dira orri bakuneko irudien artean. Forma geometrikoak nagusitzen dira. Orrialde osoa hartzen ez duten irudietan forma borobilak dira nagusi: begia, ilargia, bularra... Kolore biziak erabili dira: urdinak, gorriak, horiak, beltzak eta batez ere berdeak nabarmentzen dira. Ilustrazioek badute zer esana diskurtsoaren garapenean. Olerkiekin etengabeko elkarrizketan ari dira, irakurketa aberasten dute, ñabardurak eransten, eta istorio paraleloak sortzeko aukera eskaintzen.