Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Aduna eta Aduanak

Idazlea: Felipe Juaristi Galdos

Ilustratzailea: Manu Ortega

Argitaletxea: Erein

Urtea: 2000

Bilduma: Siberiako treneko ipuinak

Orri kopurua: 38


Laburpena:
Aita-alabak, bata bestearekin beti edo gehienetan. Tren-geltokiaren ondoan bizi dira behin; aireportutik gertu beste behin; Cadizen hurrena, Afrikako kostaldea ikusten dutela; itsasertzeko herri batean, berriz, gero.<BR>
Galderak egiteko makina da neska txikia eta erantzunik zentzuzkoenak eman nahi dizkio bere aitak. Baina ez da giro! Aitak zer erantzun, beste galdera bat egiten dio alabak, erantzunean sakonduz eta munduan bizi ditugun kontraesanak azalera ekarriz: izan ere, zergatik ezarri ditugu hainbeste harresi -aduna, alegia-, gure inguruan?


Prentsako aipamenak:

- Laura Sagastume, Behinola 3. zenbakia, 2000ko azaroa Afrika etorri da


Aurten utzi gaituen Carmen Martín Gaitek, Caperucita en Manhattan liburu gogoangarrian, Sara neskatilari buruz kontatu zigun oso jakinluzea zela eta galdera asko, gehiegi, egiten zuela, hala nola heriotz edo askatasuna zer zen, ezkontzea zer zen. Bizilagun batek beharbada psikiatrarenera eraman beharko zutela uste izan zuen, baina amonak barre egin zion: «—¡Déjate de psiquiatras ni de tonterías por el estilo! A los niños lo que hay que hacer es contestarles a lo que te preguntan, y si no les quieres decir la verdad, pues les cuentas un cuento que parezca verdad.»


Felipe Juaristiren Aduna eta aduanak liburuan ere, galderak egiteko makina dirudien neskatxa izengabe bat agertzen zaigu. Larunbat arratsaldeetan, bere aitarekin joaten da, izan tren geltokira, izan aireportura, izan kaira, eta halaxe deskubrituko du munduan euskaldun ez den jende asko dagoela, beste hizkuntzak, beste koloreak dituztenak. Baina uhinak bezalaxe, bata bestearen atzetik datozkion galderen aurrean, aita batzuetan zer erantzun ez dakiela geratzen da: «Hura zen galderak egiteko makina; koipe pixka bat emanez gero, ez zen geldituko. Ez nekien zer erantzun, ez nekien nola ase alaba. Egia da helduok ez dugula galdera zailei erantzuko erraztasunik.» Baina galdera guztien artean, galderen haritik tiraka, alabak halako batean aitari honela itaundu dio: «—Zergatik ipini dugu ur hesia afrikarren eta gure artean?» Eta galdera hori liburuko ardatz eta gako bihurtuko da.


Afrikaren gaia azken aldian erabiliegi ote dagoen susmoa zabaltzen ari den honetan, Felipe Juaristik muga eta harresien gaiari ere heldu dio, baina bere modura, modu oso pertsonalean, modu poetiko eta ederrean, hitz batez esateko, gaiari buruzko topikoetatik urrun. Paralelismoak zainduz, poetikotasuna neurrian emanez (nabarmentzekoa da begien eta begiraden tratamendu xarmanta), Juaristik oso ipuin ederra eskaini digu, eta edertasun hori areagotu egiten dute bai Manu Ortegaren marrazki eta kolore samurrek, bai Siberia treneko ipuinak bildumaren kalitate estetikoak. Zalantza bakarra izenburuarekikoa da, liburuan nabarmentzen ez diren hitz joko horietako batean oinarritua baita, eta beharbada amaiera ireki-egi-arekiko, baina guztiarekin liburu benetan gomendagarria eskaini digu, oraingoan ere, egileak.


Aduna eta Aduanak