Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: 1948ko Uda

Idazlea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro

Ilustratzailea: Antton Olariaga Aranburu

Argitaletxea: SM

Urtea: 1994

Bilduma: Baporea

Orri kopurua: 104


Prentsako aipamenak:

- Felipe Juaristi, Diario Vasco Lehen musuak

Patxi Zubizarretak ipuin honekin 1993ko “Baporea” lehen saria eskuratu zuen, kalitate handiko lanekin lehiatu ondoren. Idazleak berak, Saria jasotzerakoan, aspaldian entzun izan dudan hitzaldirik politena egin zuen, berari dagokion inozotasunez eta sentikortasunez betea. Liburuaren lagungarri diren ilustrazioak Antton Olariagarenak dira.

Bi “tempo” ditu istorio honek. Orainaldia, bata; arratsaldeko zazpiretan bere gurasoak kalera irteten direla aprobetxaturik, Beñatek haien logelako kajoiak errekistatzen ditu tabako bila, ondotxo baitaki mesanotxean aitak era guztietakoak gordetzen dituela. Eta zer aurkituko eta aitak aspaldi idatzitako egunkaria. Mutikoa poliki-poliki hasiko da egunkari hori irakurtzen, harriturik eta era berean jakinminak akuilaturik. Tarteka utzi behar dio irakurtzeari, irakurritakoak zirrara handia eragingo baitio.

Lehenaldia da egunkarikoa. Aitak berari gertatutakoak kontatzen ditu, 1948ko Udako hartan bizitakoak. Garai hartan, noski, Diktadura bat zegoen, eta horren ergaina nabarmena zen bazter guztietan, arlo guztietan zen bezalaxe. Mutikoaren aitak orduko gora-beherei erreperatzen die, azpimarratuz neska-mutilen arteko harremanak zailtzen zituzten oztopoak. Pasarte bakoitza irakurri ondoren, beñat gogoeta egiten du eta konparatu berak bizitakoa eta aitak bizi izandakoa. Gogoeta horietako bati dagokio ondorengo pasarte hau:

«Gizarteko azterketan diktadura zer den galdtzen badidate», pentsatu zuen segidan, «honela erantzungo dut: Diktadura, musuak eta kantuak debekatzen diren garaia da.»

Diktadura, noski, hori baino zerbait gehiago da, baina mutikoaren irudimenak musuen eta kantuena azpimarratzen du, aitaren egunkarian horixe bera irakurtzen duelako. Berak ez du horrelakorik ezagutu eta horregatik egiten zaizkio musu debekatuak hain hunkigarriak. Baina bera ere neskak garrantzitsuak diren adin horretan dago, bera ere hasia baita gogoko neska bati begiak besteei baino sakonkiago ematen. Aitaren egunkaria berebiziko laguntza izango zaio heziketa sentimentalean; aitak kontatzen duena, azken finean, horixe besterik ez baita: lehen amodioaren kronika intimoa.

Beñatek aitaren egunkaria irakurri ondoren, berea idazteari ekingo dio.


1948ko Uda