Marrazioak

2008an hasi zen Galtzagorri elkartea MarraziOak tailerra antolatzen Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker. Orduan Artelekun egiten zuten. Ilustratzaileei bakarrik zuzendutako tailerra da hala hasiberriak nola kontsakratuak; tarteren batean idazleei eta ilustratzaileei zuzendutakoa izan zen, baina ilustratzaileentzako tailer gisa egonkortu zen. 

 

MARRAZIOAK XVI. 2024ko ekaina

"MOZORROEN EGIA. Eman maskara bat eta egia esango dizuet”. (O. Wilde)

2024ko ekainaren 24tik 28ra

HARKAITZ CANO eta IGNASI BLANCH

Aurtengoan mozorroen sinbologian barneratuko gara Harkaitz Cano eta Ignasi Blanchen gidaritzapean.

Kultura guztietan errepikatzen da mozorrotzeko joera. Jatorrian, antzinako jainkoak eta mitoak inbokatzea, euriari deitzea edo zomorroak uztatik uxatzea jomugan izan zuen. Euskaraz, bereziki nabarmena da azken lotura hau, mozorro/zomorro hitzak bat eta berbera diren heinean. Basileako inauteriak, Galiziako peliqueiroak, Altsasuko momotxorroak… Hamaika dira sustrai paganoetan jatorria duten eta gaur egunera arte iritsi diren adibideak. Baina zeintzuk dira XXI. mendean uxatu nahi ditugun “zomorroak”?

Tradizioaz harago, mozorrotzeak ez dakar soilik nortasunaren eraldatze bat, baizik eta “entitate aldaketa” bat. Entitate aldaketa horrek, antzinako errituen transmisioa eta berreskuratzea dakartza, baina ez hori bakarrik: beldurrak eta konplexuak gainditu eta etorkizunera proiektatzeko modua ere badira.

Gauzak horrela, aurtengo MARRAZIOAK tailerrean mozorroen bidez pertsonaiak sortu eta sortutako pertsonaia horiek aldez edo moldez gurekin duten zerikusiaz hausnartzea da asmoa. 

MARRAZIOAK 16 DEIALDIA

Babeslea: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua.

 

MARRAZiOAK XV. 2023ko ekaina

"OTSOA JATEN. Ipuin klasikoak eta euskal aldaerak ilustratuz

2023ko ekainaren 26tik 30era

MAITE GURRUTXAGA ETA JUAN KRUZ IGERABIDE

Aurtengoan ipuin klasikoen sinbologian barneratu gara eta alor horretan landu diren ilustrazio-jokabideak aztertu ditugu. Juan Kruz Igerabide eta Maite Gurrutxaga ilustratzailea izan dira gidari. Igerabidek Bularretik mintzora saiakeran landua du gai hori ikuspegi ugaritatik. Maite Gurrutxaga MarraziOak tailerrean hiru aldiz ikasle gisa eta behin irakasle gisa parte hartu eta gero, gidari izan da oraingoan punta-puntan dagoen bere lanaren bermea duela.

Tailerrean, gidariek, parte-hartu duten ilustratzaileekin batera, euskal ipuin tradizionalak eta ipuin klasiko unibertsalak erkatu dituzte, eta zenbait teorizatzaileren ikuspegiak mahairatu. Lan praktiko gisa, Mari Xor ipuina ilustratzea proposatu dute, lehenengo egunean egin duten kontaketaren eta azterketa sinbolikoaren ondoren. Horrez gain, beste aukera batzuk ere landu dituzte.

15. MarraziOak tailerraren kronika

Babeslea: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua.

Laguntzailea: Egitasmo honek Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza jaso du.

 

 

MARRAZiOAK XIV. 2022ko udazkena

"LIBURU ILUSTRATUAK EDITATUZ KONPLIKATZEN DUGU BIZITZA

2022ko irailaren 26tik 30era

ELENA ODRIOZOLA ETA GUSTAVO PUERTA

Liburu bat ilustratzea ez da bakarrik irudiz betetzea aurrez dagoen testu bat. Ez da kontsumo-objektu erakargarri bat sortzea. Liburu bat ilustratzea ez da, ezta ere, sortzailearen artelana sortzeko gosea asetzea. Literatur obra bat ilustratzean osagai bakoitza mintzo da, osagai guzti-guztiek dute zeresana sortzen den komunikazio-ekintzan. Hori da hain zuzen MarraziOak tailerraren XIV. ediziorako egin dugun proposamenaren mamia: osagai horiek guztiak ezagutzea, aztertzea eta haien gaineko hausnarketa egitea. Finean, liburuaren izaera totala aldarrikatu nahi dute Elena Odriozolak eta Gustavo Puertak, datorren MarraziOak topaketaren gidariek.

Liburu bat eskuetan hartzerakoan, are gehiago ilustratua bada, osagai guztiei erreparatzea komeni da: azala, kontrazala, tamaina, tipografia, babes-orriak, papera bera, orrialdeen disposizioa... Den-denak dauka zeresana, denak komunikatzen du eta guzti horrekin batera jasotzen du hartzaileak liburu horrek komunikatu nahi duena. MarraziOak tailerraren hurrengo ekitaldian atal horiei erreparatuko diete parte-hartzaileek gidarien laguntzarekin eta bakoitzari dagokion garrantzia emateko pausa egingo dute osagai guztietan, banan-banan, gero osotasunari erreparatzeko. Nola egiten da liburu bat? Finean, edizioa izango da ardatza. Edizioa, ordea, artisauaren ikuspuntutik begiratua eta bidean topa daitezkeen arazoak ere aintzat hartuko dituzte.

Urtero bezala, MarraziOak jardunaldietan teoria eta praktika uztartuko dituzte irakasleek. Oraingoan teoria praktikatik beratik eratorriko da. Izan ere, nola egiten den liburua galderaren erantzuna praktikan bilatuko dute. Hala, argitaletxea duten eta liburuak egiten dituzten Odriozolak eta Puertak argitaldarien ikuspuntutik hitz egiteaz gain, sortzaileen ikuspuntutik ere mintzatuko dira. Ezin gidaritza aberatsagoa izan edizioari buruzko tailerrean.

Praktika izango da metodologiaren ardatza. Liburu kanonikoak ekarriko dituzte eta haietan ongi egindakoa aztertuko dute. Ondo egindakotik aterako dute egin behar ez denaren irudia, baita nora begira jarri behar diren ere. Arazoak eta trabak hartuko dituzte hizpide eta hori guzti hori liburuak artisauen eran egiten dituztenen ahotik. Parte-hartzaileek nork bere proiektua martxan jartzeaz gain –urtero egin ohi duten bezala–, gidariek eskatzen dizkieten ariketak egin beharko dituzte. Jolasean arituko direla agindu digute Odriozolak eta Puertak, hau da, modu ludikoan arituko direla eta batzuetan adeigabe ere.

Finean, liburua osatzen duten osagai eta atal guztiak aintzat hartuko dituzte, bakoitzari lupaz begiratu ondoren osotasunari begiratzeko.

14. MarraziOak tailerraren kronika

Babeslea: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua.

Laguntzailea: Egitasmo honek Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza jaso du.

 

 

 

MARRAZiOAK XIII. 2021eko udazkena

"BYE BYE, GIZONTXO!  TIPOAK, ESTEREOTIPOAK ETA ARKETIPOAK”

2021eko irailaren 27tik urriaren 1era

 

Amaitu da MarraziOak tailerraren 13. ekitaldia. Amaitu dela diogu, baina tailer hau ez da sekula amaitzen proiektu berrien ernamuina izaten delako, edo ilustratzaileak nonbait ukitu eta xaxatzen dituelako, edo beren ohiko marratik atera eta marra berrietara begira jartzen dituelako. Amaitu da, halere, parte hartu duten ilustratzaileek Ignasi Blanch ilustratzailearekin eta Harkaitz Cano idazlearekin partekatu duten astea. Eta MarraziOen astea beti da intentsoa, beti da inspiratzailea eta beti bihurtzen da hausnarketa egiteko espazio bat.

Aurtengoan maskulinitatearen errepresentazioak landu dituzte, eta Canok laburbildu duenez, "oso argi daukagu maskulinitate zaharra zertan datzan, baina berriarekin zalantza gehiago sortzen zaizkigu". Esate baterako, irudi maskulino bete-betetzat dugun gizon bat ikusi ohi dugun kontestutik atera eta beste batean aurkeztuz gero, zalantzak sortzen zaizkigu.

Ilustratzaileen ofizioaz ere aritu dira. Ofizioa gauzatu du nork bere pintzel, argizari edo errotulagailuekin eta ofizioaz aritu dira Donostiako Igeldoko Undermount espazio zoragarrian. Ignasi Blanchek xaxatu egin ditu ilustratzaileak eta, besteak beste, beren buruari nondik marrazten duten galdetzeko eskatu die. "Nondik abiatzen zareten, edota nondik horrek garrantzia duen ala ez. Norberaren ahotsa, nondik dator?"

MarraziOetan leporello sorta bat sortu dute, horma-irudi bat egin dute eta ilustratzaile bakoitzak aurtengo gaiari lotutako proiektu bat abiatu du. Gainera, ilustratzaileek beren lanaz mintzatzeko aukera izan dute, beste ilustratzaile batzuen ondoan lan egitekoa ere bai. Hori guztia eta gehiago Blanch eta Canoren gidaritzapean. Ez da gutxi!

Hona hemen MARRAZIOAK XIII tailerrak emandako fruituen lagin bat:

HURRENGO UDAZKENEAN, GEHIAGO!

 

Babeslea: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua.

Laguntzailea: Egitasmo honek Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza jaso du.

 

 

 

 

MARRAZiOAK XII. 2020ko udazkena 

ZOTZAK BILTZEN

Ahozko tradizioko kantak eta poesia ilustratuz

MAITE GURRUTXAGA eta JUAN KRUZ IGERABIDE

2020ko urriaren 19tik 23ra

 

Amaitu da 2020ko MarraziOak tailerra!

2020ko urriaren 19tik 23ra egin genuen MarraziOak Ilustratzaile Topaketen XII. edizioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura zuzendaritzaren babesari esker, eta Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin, Donostiako Undermount elkartean, Igeldon. Maite Gurrutxaga ilustratzailea eta Juan Kruz Igerabide idazlea izan ziren hamabigarren ekitaldiko irakasleak. Gidariek sortutako programari jarraiki lan egin zuten tailerrean parte hartutako 11 ilustratzaileek bost egunetan zehar.

 “ZOTZAK BILTZEN. Ahozko tradizioko kantak eta poesiak ilustratuz” goiburupean, euskal tradizioak gordetzen dituen altxorraren kutxa ireki zuten ikastaroan eta pieza horiek ilustratzeko dauden aukera oparoetan esploratzeko aukera izan zuten.

Hemen tailerraen argazki bilduma.

Parte harztaileek izugarri gustatu zaiela esan dute: mundialak, intentsuak eta liluragarriak izan direla esan dute. Herri-tradizioaren gaia aproposa eta beharrezkoa izan dela diote. Topaketak oso ongi planifikatuta eta denbora bikain aprobetxatu dutela. Oso egoki ikusi dute goizean testuetan sakondu, ariketa “eder” bat egin eta arratsaldean norberak bere proiektuari heltzeko aukera izatea. Etxera proiektu grafiko batekin doazela eta, gainera, testuei dagokienez, altxor asko deskubritu dituztela. Eskertuta agertu dira.

Beraz, ADI DATORREN URTEKO DEIALDIARI!

Babeslea: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentua.

Laguntzailea: Egitasmo honek Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza jaso du.

 

 

 

MARRAZiOAK XI. 2019ko udazkena

ERREZETARIK EZ DAGO. Ilustrazio eta sukaldaritza, sukaldaritza eta ilustrazio tailerra

ELENA ODRIOZOLA eta GUSTAVO PUERTA

2019ko irailaren 16tik 20ra

Hona hemen MARRAZIOAK XI sukaldaritza eta ilustrazio tailerrak emandako fruituen lagintxo bat:

  • IBAN ILUNA - "Tarta de queso de Lavigne" lana osatzen duen irudietako bat:

 

  • ASIER ITURRALDE - GASTON - "Joxe Miel. Los mejores "txipis" del Cantábrico" lanaren lagin bat:

Liburu-albumek eta errezeta-liburu ilustratuek antza daukate. Bi generoetan sekuentzia bidez egiten da narrazioa. Bietan testua eta ilustrazioa osagarriak dira. Teorian irakurlea aintzat hartuta sortuak dira biak ala biak. Areago, bi generootan arazo berberak sor daitezke, hala nola estetizismoa, didaktismoa, zapore eza ala gehiegizko gozoa.

Komunean dituzten ezaugarriez gain, bi generoak elkar lotu daitezke istorio bakarrean non pertsonaia nagusiak errezeta bat elaboratzen duen. Hala bada, baten egitura –osagaiak, prestaketa eta emaitza– eta bestearena –hasiera, muina eta amaiera– ondo-ondotik doaz. Bietan narrazio unitate horrek derrigor funtzionatu behar du sukaldaritzako planoan nola fikzioaren planoan.

Azkenik, antzekotasunak aurkitu daitezke sukaldariaren eta ilustratzailearen ofizioan. Alde batetik, hainbat teknika eta elementu/osagai gutxi batzuk gobernatu behar dituzte sortutako horrek bat eta bakarra balitz bezala funtzionatu dezan. Halaber, tradiziotik edaten dute, kultur konbentzioak erabiltzen dituzte edo bogan dauden joerei muzin egiten diete ala onartzen dituzte.

Finean, sukaldaritza eta ilustrazio tailerra proposatzen dugu, non errezeta baten narrazioa egingo dugun eta sukaldean liburu bat gertatuko dugun.

METODOLOGIA:

Goizeko jarduerak sukalde bueltan antolatuko ditugu, eta jatekoen prestaketa ardatza izango da. Arratsaldeko jarduerak, aldiz, ilustrazioan zentratuko ditugu. Lantaldeak osatuko ditugu egunero, eta sukalde lanak prozesuaren erregistro grafikoarekin tartekatuko ditugu, baita elkarrekin prestatutako jatekoekin ere. Bazkalostean, jarduera bakoitzean sortutako zirriborroekin lan egingo dugu. Honakoak dira landuko ditugun gaietako batzuk: osagaiak eta irudiaren esanahia, sukaldaria eta narratzailea, errezeta eta sekuentzia, sukaldaritza-teknikak eta teknika artistikoak, ikuspuntua eta zaporea. Ibilbide hori egiteko adibide bibliografikoak eta ikus-entzunezkoak erabiliko ditugu. Finean, parte hartzaileei liburu-album errezeta bat osatzen lagunduko dien materiala erabiliko dugu.

Tailerrean parte hartzeko interesa dutenek atariko plater baten, plater nagusi baten eta postre baten ilustrazioa bidali beharko dute. Platerak aukeratzerakoan kontuan izan beharko dute plater horien guztien elaborazioa ikastaroan zehar egin ahal izan beharko dutela; ez dituzte, hala ere, guztiak prestatu beharko. Marrazkiaren kalitatea baloratuko da, baita errezetak sortzen duen gosegarria ere.

IRAKASLEAK: Elena Odriozola eta Gustavo Puerta

NOIZ ETA NON: 2019ko irailaren 16tik 20ra, Undermount-en (Aita Orkolaga pasealekua 46, Igeldo, 20008, Donostia). * Donostiako autobus linea bertan geratzen da, 16. zenbakia, Donostiako Gipuzkoa plazan hartzen dena. Ordutegi jarraitua izango du aurten tailerrak: 10:00etatik 17:30etara, ordu erdiko atsedenarekin. Bertan sukaldatu eta bazkalduko da.

Gehienez 10 irudigilek hartuko dute parte. Parte hartzeko baldintza orokorrak:

• Parte hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar dute.

• Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da.

• Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan izango da.

• Parte hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar.

Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie irakasleek aukeratzen dituzten 10 lagunei. Guztira, 35 orduko tailer praktikoa egiteko beka bana eskuratuko dute.

IZEN EMATEA:

• Ilustratzaile bakoitzak hiru plateren ilustrazioak bidali beharko ditu: atarikoa, plater nagusia eta postrea.

• Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko du:

- Curriculuma

- NANaren kopia bat

- Posta elektronikoaren helbidea

- Telefono zenbakia

Dokumentazioa wetransfer bidez bidali beharko du administrazioa@galtzagorri.eus –era.

Eskaerak aurkezteko azken eguna 2019ko uztailaren 12a izango da. Aukeratutakoei 2019ko uztailaren 28rako erantzungo zaie.

ANTOLATZAILEAK: Galtzagorri Elkartea eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Proiektu honek Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza jaso du.

 

MarraziOak XIII

"BYE BYE, GIZONTXO! TIPOAK, ESTEREOTIPOAK ETA ARKETIPOAK”.

Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch. 2021eko irailaren 27tik urriaren 1era. DEIALDIA ZABALIK!!!

Izen emate epea: uztailaren 20a

MarraziOakXI - "Errezetarik ez dago"
Naufragotilus Nautilusfrago - MarraziOak III
MarraziOak II Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch
MarraziOak - Ilusionismoa
Marrazioak VIII lehenengo eguna. Ignasi Blanch
Gustavo Puerta - MarraziOak IX
Gustavo Puerta MarraziOak IX
MarraziOak IV. Elena Odriozola eta Gustavo Puertari elkarrizketa.