2000-2001. urteez geroztik burutzen du Galtzagorri elkarteak Liburuen Altxorra/ Liburu Ibiltariak egitasmoa. Lehena Gipuzkoako Foru Aldundiari esker egin zuen. Bigarrena, Bizkaiko Foru Aldundiari esker. Biek ala biek, izen ezberdina duten arren, helburu eta mami bera dute: Gipuzkoako zein Bizkaiko eskola txikietako haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzea, horretarako euskarazko kalitatezko liburuak baliatuz.
Azken urteetan, errealitate zeharo desberdinak topatu ditugu bisitatu ditugun ikastetxeetan, eta egitasmoa errealitate horri egokitzeko asmoz, egun bi adar ditu: Adar batek liburuz betetako gurpildun kutxa ibiltariak ditu ardatz. Eskolaz eskola bidaiatzen dira kutxak eta ikastetxe bakoitzean hilabete inguru egiten dute. Kutxak ireki eta Galtzagorriko adituek kalitate irizpideen arabera aukeratutako liburuen gaineko dinamizazio saioak egiten dituzte. Egitasmoaren beste adarra Aholkularitza Zerbitzu Ibiltaria da. Zerbitzuaren bitartez garai batean eskola txikiak izandakoetan, baina denboraren poderioz hazi diren ikastetxeetan aholkularitza zerbitzua eskaintzen diegu irakasleei. Irakasleen formazioa, Eskola liburutegien dinamizazioa eta liburuak baloratzeko irizpideak sustatzea dira zerbitzu honen helburu nagusiak.
Kutxa ibiltariak eta gidariak
Egitasmoaren adar bat bideratzeko Galtzagorrik urtero liburutegi gurpildunak prestatzen ditu urtero Galtzagorrik. Gurpildun kutxa handi bakoitzean, 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzako Euskal Haur eta Gazte Literaturako 130 liburutik gora biltzen ditugu. Horri urtero ilustratzaile ezberdin batek sortutako afixa eransten diogu. Kutxetan sartzen ditugun liburuen aukeraketa, Galtzagorriren irakurketa mintegian egiten da, kalitate irizpideen arabera. Urtez urte, kutxako liburuak berritzen ditugu beraz, azken urteko nobedadeak sartuz; hala ere, Euskal Haur Literaturako betiko liburu ezinbestekoek tokia izaten dute beti kutxan. Bestalde, kutxa osatzerakoan literatur genero guztiak hartzen ditugu kontuan: komikia, album ilustratua, ipuina, poesia, antzerkia... baita erabilpen kolektiboa duten liburuak ere.
Esperientzia handiko bi profesionalek gidatzen dituzte kutxak probintzia bakoitzean: Imanol Mercerok, Gipuzkoan eta Saroa Bikandik, Bizkaian. Ikasturte osoan zehar dinamizatzaileek ikasleen adinaren araberako, dinamizazio saioak eskaintzen dituzte eskola bakoitzean. Liburuak aurkeztu, kontakizun txikiak egin, poesia jokoak burutu, album ilustratuak ikusi...
Plazera eta irakurketa
Ondoren, kutxa hori hilabete batez izaten dute eskola txiki bakoitzean. Haurrek bertako apaletako liburuez gozatu dezaten beste edozein liburutegi izango balitz bezala. Galtzagorriko dinamizatzaileak ez die erabilera konkreturik ezarriko, haur eta eskola bakoitzak askatasuna du egokiena ikusten duen moduan erabiltzeko. Irakurtzea ondo pasatzearekin lotu nahi da ekimen honen bidez. Hilabetez kutxa eskolan izan ostean, dinamizatzailea eskolara itzultzen da kutxaren bila eta haurrekin hilabete horretan egindako irakurketak partekatzeaz gain, beste kontakizun edo irakurketa batzuk eskaintzen dizkie. Segidan, kutxak bere ibilbideari ekingo dio eta beste herri batera joango da, beste eskola batera, beste ikasle batzuek kutxaren altxorraz goza dezaten.
Liburuen altxorra, 2018-2019 ikasturtea. Imanol Mercero, Galtzagorri Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia.
Liburuen altxorra, 2017-2019 ikasturtea. Imanol Mercero, Galtzagorri Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia.
Liburu Ibiltariak 2017-2018 ikasturtea. Saroa Bikandi, Galtzagorri Elkartea, Bizkaiko Foru Aldundia.