1968an argitaratu zen Alizia herrialde miresgarrian Haur Literaturako klasikoaren euskarazko lehendabiziko bertsioa. Iaz, 50 urte ziren beraz Alizia euskaraz dugula. Ondoren, beste hainbat bertsio plazaratu dira euskaraz, azkena 2015ean Manu Lopez Gasenik itzulia, Pamiela argitaletxearen eskutik. Bertan egokitu, eguneratu eta hobetu egin du irakurlearenganako begirune handia agertu eta gure sistema literarioan gutxitan ikusten den lana hartuz. Izan ere, liburuan irakur daitezkeen errimak, poemak , hitz-jolasak “euskalduntzeko” esfortzu berezia egin du.
Alice berritu honetan neskatila errebeldea dugu lagun, umore eta ironia franko erabiltzen dituena. Jokoa da nagusi, horrela dio Lewis Carrollen esaldiak liburuaren kontrazalean: “Liburuak ez daramala irakaspenik, ezertxo ere ez duela irakasten”. Abentura liburu bat da hau, beraz, funtzio didaktikorik izateko arriskurik ez daukana. Umorearen kontzepzio berezia planteatzen du Carroll-ek Alice liburuan: umore lingüistikoa dago liburuan, hitz jokoak, errima eta soinu bereziak, hitzen distortsio eta esanahi bikoitz ugariak, hitzenganako zuzentasun eta zorroztasun jokoak. Hala, Carroll-en idazlanean abentura, fantasia eta non sensea konbinatzen dira. Gainera, Carroll-ek esplizituki jo zuen ordura arteko haur literaturan nahitaezkoa zen moraltasunaren aurka, alderdi hori jorratzen zuten hainbat poema parodiatuz.
Bada, ezaugarri guzti horiek areto literario batera ekarri zituen Galtzagorri elkarteak 2018an: Itziar Zubizarretak zuzendu eta sortu zituen areto berri honen saio gidatuak eta, aretoaren txokoak definitu ondoren, Aitziber Alonsok gauzatu zuen eszenifikazioa.
“Aliziaren burutazio miresgarriak” aretoan 10 eta 11 urte bitarteko 25 haurrek osatutako taldeek hartuko dute parte, eta arratsaldez ere familientzako saioak eskainiko dira.
Hauek dira areto honen bidez lortu nahi izan ditugun xedeak:
1. “Alizia herrialde miresgarrian” liburu kanonikoa ezagutzera ematea.
2. Irakurtzeko zaletasuna sustatu.
3. Umore linguistikoa landu.
4. Ahozko literaturaren erabilera sustatu.
5. Moralaren eta jendartean ezarrita ditugun arauen inguruko hausnarketa bideratu.
6. Arte heziketa sustatu: erakutsi diren liburu ilustratu ezberdinen (mundu mailako ilustratzailerik onenek ilustratu dute Alizia eta horien bilduma bat du aretoak) eta egin den eszenifikazioaren bidez.
7. Haur Literaturaren inguruko formazioa areagotu: Aliziaren inguruko zertzeladak eman direlako eta gainera, mundu mailan istorio honi buruz egin diren hizkuntza ezberdinetako lanak ikusi eta irakurri ahal izan dituztelako. Baita euskarazkoak ere.