Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-08-16

“Zerua gris dago” albumak irabazi du 2016ko Etxepare Saria

Isaac Martínez idazleak eta Liébana Goñi ilustratzaileak sortutako “Zerua gris dago” album ilustratuak irabazi du 2016ko Etxepare Saria. Pamielak datorren udazkenean plazaratuko duen lan honetan adiskidetasun baten sorrera kontatzen digute egileek, eta aldi berean “generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu”, aurtengo epaimahaikideen aburuz.

Aurten 23 lan aurkeztu dira eta epaimahaiak Martinez eta Goñirena saritu du.

Aurtengo epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute eta honako ebatzi dute: “Apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela”.

Isaak Martínezen eta Liébana Goñik 5.000 euroko saria jaso dute, egile eskubideen aurrerapen moduan.

Martinez Ortíz, Hondarribian jaio zen 1975ean. Gero Iruñera etorri zen Irakasletza egitera. Haur Hezkuntzako maisua da gaur egun eta Uharten bizi da. Goñi Yárnoz Iruñean jaio zen 1986ean. 2009an Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Diseinu Grafikoan eta Publizitate Artistikoko Zuzendaritzan espezializatu zen. 2015ean “Ilunean Argi” argitaratu zuen (Denonartean Argitaletxearekin), berak idatzitako eta ilustratutako haurrendako bere lehenengo album ilustratua. Urte berdinaren bukaeran, bere bigarren albuma aurkeztu zuen “Malko” izenburuarekin.

Bi egileek osatutako Zerua gris dago lan irabazleak datorren udazkenean ikusiko du argia, Pamiela argitaletxearekin.