Hemeroteka


Elkarbanatu
2013-05-15

Zabalik da Liburu Gaztea booktrailer lehiaketan bozka egiteko epea

 

 

 

 

 

Bozketan parte hartu nahi dutenek Liburu Gaztea web orrian ezkerreko zutabean, Sariak atalaren azpian dagoen Bozkatu atal berrian sartu behar dute eta honako pausoak jarraitu:

 

 

 

 

 

 

1. Bozketa egiteko, lehenengo pausoa booktrailerra / booktrailerrak aukeratzea da. Lehiaketaren bi kategorietan bozkatu behar da, hau da Ikastetxeen Lehiaketan eta Norbanakoen Lehiaketan. Kategoria bakoitzean booktrailer bakarra aukeratu daiteke: beraz, booktrailer bat, edo, asko jota, bi booktrailer (Ikastetxeetako bat eta Norbanakoetako bat) aukeratu behar da.

 

   JARRAITU botoia sakatu eta INKESTAra pasatuko da.

 

2. Irakurketa ohiturei buruzko INKESTA labur bat betetzea eskatzen dugu (ezinbestekoa da hau betetzea botoa balioztatua izan dadin). Inkesta honen helburua gazteen irakurtzeko ohituren inguruko datuak eskuratzea da.

  JARRAITU botoia sakatu eta DATUetara pasatuko da.

 

3. Azkenik, DATU pertsonalekin (Izen-abizenak; e-mail helbidea) formulario bat bete behar da. Sistemak, e-mail bakoitzarekin behin bakarrik utziko du bozkatzen.

 JARRAITU botoia sakatu, eta botoa baieztatzeko e-mail bat bidaliko du sistemak emandako helbidera.

 

KONTUZ!! Jakinarazi nahi dizuegu egun hauetan, Galtzagorriko web orrian “bozkatzen” saiatu diren guztiei, “boto” guzti horiek ez dutela inongo baliorik. Berriz ere egin behar duzuela bozka Liburu Gaztea web orriko Bozkatu atalean. Bozketen emaitzak ekainean jakinaraziko dira.

 

Mila ikasletik gora, ia berrehun booktrailer

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Liburu Gaztea lehiaketak irakurketa teknologia berriekin uztartzeko jauzia eman du ikasturte honetan. Hori dela eta, aurten 12 eta 16 urte bitarteko gazteek egindako booktrailerrak dira lehian sartuko direnak. Aipatu dugun gisan, bi kategoria ditu orain Liburu Gaztea Lehiaketak: ikastetxeena eta norbanakoena.

 

2012-2013. ikasturtean Gipuzkoako 22 ikastetxek eman dute izena lehiaketan eta guztira mila ikasle baino gehiago dira ikastetxeen izenean parte hartu dutenak. Horiek dira Liburu Gaztearen web gunean zintzilikatuta dauden 180tik gora booktrailerren egileak. Norbanakoen kategorian, aldiz, 15 booktrailer jaso dira guztira.

 

Sariak

Sariak bi motatakoak izango dira:

Ikastetxeei:

1. Booktrailer bozkatuenaren egileei: Abentura txangoa (rafting eta zubi-jauzia)

2. Bigarren booktrailer bozkatuenaren egileei: Liburu edota diskoak erosteko 300 euroko bonoa eta Klis-klasikoak liburu-sorta

3. Hirugarren booktrailer bozkatuenaren egileei: Liburu edota diskoak erosteko 300 euroko bonoa eta Klis-klasikoak liburu-sorta

Norbanakoei:

1. Booktrailer bozkatuenaren egileari: E-irakurgailua

2. Bigarren booktrailer bozkatuenaren egileari: Liburu edota diskoak erosteko 100 euroko bonoa

3. Hirugarren booktrailer bozkatuenaren egileari: Liburu edota diskoak erosteko 100 euroko bonoa

 

Helburuak

Hauek dira Liburu Gaztea booktrailer lehiaketarekin Galtzagorri elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lortu nahi dituzten xedeak:

1. Irakurtzeko zaletasuna sustatu: gazteak irakurketara bideratu, baita irakurketa horren gaineko idazketa/sormen lan bat egitera ere.

2. Beren esparru naturala den teknologia berrien eta literaturaren esparrua lotzea.

3. Gazteak liburuen sustatzaile bihurtu.

4. Euskal Haur eta Gazte Literatura sustatu: liburu horien inguruan gazteek egindako lan originalak egongo direlako denon eskura.