Hemeroteka


Elkarbanatu
2025-04-01

Zabalik da booktrailerrak bozkatzeko epea

Liburu Gaztea booktrailer lehiaketara 250 booktrailer inguru aurkeztu dira. Horietatik 92 izan dira aukeratuak publikoaren bozka jasotzeko: 89 ikastetxeen kategorian eta 3 norbanakoen kategorian. Iritsi da booktrailer horiek saritzeko garaia! Zein da zure gustokoena? BOZKATU!

Aurtengo irakurgai gomendatuak Artxipelagoa (DBH 1), Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (DBH 2), Bi gehi bi (eta nire nerabezaroko beste enigma handi batzuk) (DBH 3) eta Queen Kong (DBH 4) liburuak izan dira. Hala ere, parte-hartzaile askok jo dute Ezinbestekoen zerrendara liburua hautatzerakoan eta oso irakurriak izan dira Efektu bereziakEzekielLimoiondoaren loreak eta Azken dantza New Yorken liburuak, besteak beste.

Azkenerako, Gipuzkoako 16 ikastetxek eta Bizkaiko 7k hartu dute parte; 1.200 ikasletik gertu. Orain epaimahaikideek hautatuko dituzte booktrailerrik onenak. Aurten, Haur eta Gazte Literaturan nahiz ikus-entzunezko komunikazioan aditu diren honako kideek osatuko dituzte epaimahaiak:

  • Eider Eibar (Bizkaiko epaimahaikide):  arte ederretan graduatua, ilustratzaile aritzen da, bereziki haur eta gazte literaturaren alorrean. Animazioan, muralen margoketan eta diseinuan ere aritu da.
  • Igor Idoeta (Bizkaiko epaimahaikide): liburuzaina, haur eta gazte literaturan aditua.
  • Maddi Orcajo (Gipuzkoako epaimahaikide): ikus-entzunezkoetan aditua eta Galtzagorri elkartearen zenbait proiekturen koordinatzaile izandakoa.
  • Irati Zaldua (Gipuzkoako epaimahaikide): Historian lizentziatua eta Informazio eta Dokumentazioan graduatua. Urteetan zehar dokumentalista gisa aritu izan da eta, egun, liburuzain lanetan dabil.

Sari potoloak daude jokoan:

  • IKASTETXEEN KATEGORIAN:
    • DBH1-DBH2: sari bakarra probintzia bakoitzean, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 250 euroko bonua.
    • DBH3-DBH4: sari bakarra probintzia bakoitzean, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 250 euroko bonua.
  • NORBANAKOKA: e-irakurgailu bat, blogger izateko set txikia eta liburu eta diskotan gastatzeko 150 euroko bonua.

Sari nagusirako hautagaiak epaimahaiek hautatuko dituzte, baina sari horrez gain bada beste bat ere: PUBLIKOAREN SARIA. Probintzia bakoitzean emango den sari hori publiko zabalaren botoek erabakiko dute. Escape room baterako pasea 4-5 lagunentzat eta 100 euroko bonua banatuko zaie norbanakoen eta ikastetxeen kategorietako irabazleei. Horretarako, urtero bezala, Liburu Gaztea webguneko BOZKATU atalera jo ahal izango da apirilaren 30era arte. Botoa emateak era saria izan dezake, botoa ematen dutenen artean e-irakurgailu bat zozkatuko baita probintzia bakoitzean. Animatu eta esaiguzu zein den zure booktrailerrik gustukoena!