Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-10-08

Urriaren 7an hasiko dira lehen Irakurketa Klubak

Galtzagorri Elkarteak eskaintzen dituen Irakurketa Klubak abian dira berriro. Haurrei eta euren gurasoei zuzendutako saio horiek Euskal Herriko hainbat herritan egingo dira ikasturte honetan ere. Urriaren 7an hasiko dira lehenengoak Andoaingo eta Laudioko liburutegietan.

Ondoren, urriaren 9an, Errenteriako saioak hasiko dira. Urriaren 11n, berriz, txikienei eskaintzen zaien saioa jarriko da martxan Donostiako Ernest Lluch liburutegikoak, 0-3 urte bitarteko haurrentzat eta haien gurasoentzat. Iurretako Bibliotekako lehen saioak urriaren 17an izango dira eta hurrengo egunean Ermuakoak.

Hemen duzue agenda ikusgai.

Saio horietan guraso eta haurrak elkarrekin joaten dira liburutegira, Galtzagorriko dinamizatzaile batek zuzendutako irakurketa saioetan parte hartzera.

Saio hauen helburua bikoitza da: alde batetik, gozatzeko une bat sortzen da, ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin heldu eta haurrek ondo pasatu dezaten; bestetik, gurasoen prestakuntza bilatzen da. Horretarako, HGLko baliabideak erakusten dira, eta kontatzeko moduak azaltzen. Azken batean, helduak seme-alabekin literatura modu autonomoan lantzeko gai senti daitezen nahi da.

Guraso eta haurrek ekimen batzuk burutzen dituzte elkarrekin, hala nola, irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak, irakurritako liburuei buruzko komentario eta gomendioak, eta hainbat ekimen lasai liburuak ezagutuz gozatzeko eta idatzizko literaturaren curriculum bat pixkanaka osatzen hasteko.