Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-06-14

Urrezko Luma saria elkartea egiten duten guztientzat

Euskadiko Liburu-Ganbarak Urrezko Luma saria eman dio Galtzagorri Elkarteari euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren sustapenean egindako lanagatik. Saria, ekainaren 2an, Bilboko 44. Liburu Azokan jaso du Galtzagorri Elkarteko presidente berriak, Iñaki Markotegik, Ana Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusiaren eskutik.

Markotegik, saria jasotzean, eskerrak eman dizkie Galtzagorri Elkartearen egitasmo guztietan parte hartzen dutenei, babesten dituztenei eta horien guztien izenean Euskadiko Liburu-Ganbarari mende laurdeneko ibilbidean egindako lana modu horretan aitortzeagatik:

"Mila Esker sari hauek banatzerako garaian Galtzagorri elkartea kontuan izateagatik.

Mila esker Bularretik mintzora egitasmoaren bidez, irakurketaren mundu zoragarria gurasoekin batera deskubritzen hasten diren ume guztien izenean.

Mila esker, eskola txikietan Liburuen Altxorraren bidez, istorio berrien zain izaten diren haurren izenean ere.

Mila esker Liburu Gaztea izenekoaren bidetik, irakurritako liburuen inguruko Booktrailerrak taldeka sortzen dituzten nerabeen izenean.

Mila esker, irakurketa mintegian eta antolatzen ditugun erakusketa eta ikastaro guztietan parte hartzen duten guztien izenean.

Behinola aldizkarian eta Klis-klasikoak egitasmoan jo eta ke lanean aritzen diren guztien izenean ere.

Besterik gabe, mila esker Galtzagorri Elkartea osatzen dugun guztion izenean".