Hemeroteka


Elkarbanatu
2009-07-06

Udarekin batera ikasteko aukerak zabaltzen dira

Liburura iristeko mila bide daude. Bide horiek arakatzea da Haur eta Gazte Literaturan lanean dabiltzan bitartekari askoren buruhaustea. Are gehiago egun Internetak, blogak eta wikiek informazioa eskuratu eta lantzeko modua aldatzen ari direnean. Hain zuzen, teknologia berrien esparru hori liburuetara hurbiltzeko nola erabili arakatzea da Fundación Germán Sánchez Ruipérezek maiatzaren 28, 29 eta 30ean eskainiko dituen Jardunaldien helburua. Aldi berean musika, antzerkia edota plastika bezalako esparru kulturalak ere haur eta gazteak liburuetara gerturatzeko erabiltzeko moduak aztertuko dira bertan. 

 

 

Goiz eta arratsaldez izango dira hitzaldi eta lan taldeak Salamancan aipatutako hiru egunetan zehar. Besteak beste, aipa ditzakegu maiatzaren 28an Jordi Adell-ek eskainiko duen hitzaldi nagusia non bibliotekarien rolean, irakasleen profesioan eta gazte belaundaldietan teknologia berriek edukitzen ari diren eragina aztertuko duen. Maiatzaren 29an aldiz, munduko bi liburutegietako esperientziak ezagutu ahal izango dira: lehenengoan, Danimarkako The Aarhus Public Libraryko Haur Saileko bibliotekaria den Jane Kunz bertako liburutegian egiten duten teknologia berrien erabileraz mintzatuko da. Bestean, Kari Lämsä, Helsinkiko Library 10 liburutegiko zuzendariak bertako liburutegi musikalaren berri emango du. Bertako erabiltzaileen %60ak 30 urte baino gutxiago du. 

 

Izena emateko  edota informazio gehiago eskuratzeko dei dezakezue 923272228  zenbakira goizez, edota www.fundaciongsr.es/agenda/jornadas.htm orrialdera sartu.

 

 

UEU eta EHU

Teknologia  berrien esparrua eta liburutegiak landuko dira baita ere uztailaren 13 eta 14an Eibarren UEUk eskaintzen duen "Liburutegi digitalak: sarrera, teknologia eta esperientziak" izeneko 16 orduko ikastaroan. Teknologia berriak eta pedagogia elkartuko dituen beste ikastaro bat ere izango da Eibarren uztailaren 1ean hasi eta 3ra arte. Izan ere, egun horietan "Teknologia berriak hezkuntzan: tailer praktikoa" izeneko ikastaroa emango da.

 

Baina UEUren baitan beste hainbat gai ere landuko dira. Besteak beste, Eibarren bertan, uztailaren 13an eta 14an "Ideiak sortu eta antolatzeko buru-mapak" izeneko 14 orduko ikastaroa eskainiko da. Baionan berriz, uztailaren 6an eta 7an "Idazketaren psikologia eta pedagogia: haurren idazkera, ortografia eta puntuazioa aztergai" izeneko tailerra emango da. Egun berean hasi eta 10era arte 36 orduko ipuin tailerra eskainiko da honako izenburupean: "Mariren kobazuloaren atarian: euskal mitologia eta ipuinak".

Azkenik, Iruñean, "Kamishibai euskaraz" izeneko ikastaroa ere eskainiko da uztailaren 20 eta 21ean.

Aipatutakoak aukeretako batzuk besterik ez dira. Informazio gehiago nahi duenak, bila dezake honako orrialdean: www.ueu.org

 

Azkenik, Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen aurtengo udako ikastaroen egitarauan Virginia Imaz kontalariaren ikastaro bat aurki dezakegu. "Vivir para contarlo y contar para vivir. De la narración oral tradicional a la escena contemporánea" izeneko ikastaroak, beste batzuren artean, honako helburuok lortu nahiko lituzke uztailaren 1a eta 3a bitartean landuko duen egitarauan:

-Tradiziozko ahozkotasunaren inguruan eta egungo ahozko kontaketaren inguruan hausnartu.

-Gaur egungo ahozko kontaketen funtzio eta iturriak aztertu.

-Kontatuko duen pertsonaren formazioari buruzko zenbait ildo kontuan hartu.

-Eskaintza kulturalaren barnean, ahozko kontakizun ikuskizunak aukera eszeniko gisa har daitezen proposatu.

-Ipuin bat kontatzeko prestatzeko metodologiaren hastapenak eskaini tailer baten bidez.

 

Azken honetan, maiatzaren 31a arte, izen ematearen salneurria 70 eurotakoa da. Ondoren 84 eurokoa. Informazio gehiago nahi duenak eskura dezake 943219511 telefonora deituta edota www.sc.ehu.es/cursosverano helbidean klikatuta.