Elena Odriozola ilustratzaileak eta Gustavo Puerta haur literatura adituak "Sentimientos encontrados" lana sortu dute elkarlanean. "Etxean barrena" euskarazko itzulpena ere kaleratu dute; itzulepen lanak Juan Kruz Igerabide idazleak egin ditu.Liburua haurrei zein helduei zuzenduta dago eta norbere sentipenei buruzko hausnarketa bultzatzeko xedea du ilustrazioen nahiz filosofiaren bitartez. Irailaren 12an egingo dute liburuaren lehenengo aurkezpena Tolosan, GKo Gallery-n (Kale Nagusia, 24). Aurkezpenean obra berria sortzeko egin duten lan prozesuaz mintzatuko dira. Ediciones Modernas El Embudo zigilupean argitaratu dute, Denonartean argitaletxearekin elkarlanean. Bigarren aurkezpena irailaren 13an egingo dute Iruñeako Chundarata (Paulino Caballero, 27) liburu-dendan. Bi saioak 19:00etan izango dira eta liburuak sinatuko dituzte.
Odriozolak eta Puertak datorren astean MarraziOak tailerraren lema hartuko dute , bertan errezeta liburuak eta ilustrazioa uztartuko dituzte. Galtzagorri elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, antolatutako ilustratzaileei zuzendutako tailerra Donostian egingo dute, Undermount elkartean, astelehenean hasi eta ostiralera bitartean.