Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-06-19

Sariz betetako ekitaldia

Gaur banatu dira Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako sariak aurtengo edizioko irabazleen artean. Guztiak Donostia 2016k Easo kalean duen aretoan bildu dira Idoia Noblek aurkeztu duen ekitaldian.

Aretoa lehiaketan parte hartu eta irabazle suertatu diren ikaslez, horien irakaslez eta liburuen egileez bete da. Bertan izan dira Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria, Iñaki Markotegi Galtzagorri Elkarteko presidentea, Teresa Calo idazle eta aktorea (Marta ispiluaren aurrean liburuaren egilea), Maite Gurrutxaga ilustratzailea (Maitagarria eta desioa liburuaren ilustratzailea), eta Inazio Mujika editorea Alberdania argitaletxeko ordezkari, argitaletxe horrenak baitira Ezer ez eta Saguak eta gizonak liburuak. Horiez gain, Ibaizabal eta Elkar argitaletxeko editoreak ere bertan izan dira.

Idoia Noble itzultzaile, interpretari eta aurkezleak gidatu du ekitaldia, Liburu Gaztea Sariaren nondik norakoak azalduz eta aurtengo edizioko irabazleen lanak aurkeztuz. Book trailerrak ikusi ahala jaso dituzte irabazleek sariak.

Guztira, sei sari banatu dira; hiruna kategoria bakoitzeko: Ikastetxeen kategorian eta Norbanakoen kategorian.

Sariak

Hondarribiko Talaia ikastetxeko Animals Taldea izan da garaile, 104 botorekin, Marta ispiluaren aurrean liburuari buruzko lanarekin. Lau lagunentzako parapente hegaldia irabazi dute. Zigor Etxeburua Euskara Zuzendariak eman die saria.

Bigarren saria Santurtzira joan da San Jose de Calasanz ikastetxeko Olagarroak taldearentzat, 78 botorekin, Ezer ez liburuari buruzko lanarekin. Hauek 200 euroko bonoa jasoko dute liburu eta diskoak erosteko, eta Galtzagorri Elkartearen Klis-klasikoen liburu-sorta bat. Santurtziko ikasleek ezin izan dute ekitaldira etorri eta saria ikastetxean jasoko dute.

Hirugarren saria Donostiako Herri Ametsa ikastolako Pin Pan Pun taldearentzat izan da, 61 botorekin, Marta ispiluaren aurrean liburuari buruzkoa da beren book trailerra. Hauek ere 200 euroko bonoa jasoko dute liburu eta diskoak erosteko, eta Galtzagorri Elkartearen Klis-klasikoen liburu-sorta bat. Teresa Calok, liburuaren egileak, eman die saria.

Norbanakoen kategorian, berriz, Urnietako AJUNA taldeak irabazi du, 50 botorekin. Saguak eta gizonak liburuari buruzko book trailerra da eurena. Hauen saria e-irakurgailua da. Iñaki Markotegi Galtzagorri Elkarteko presidenteak eman die saria.

Bigarren izan da Arrasateko Zaldi Eroa taldearen lana (Maitagarria eta desioa liburuaz) 36 botorekin. Hauek 100 euroko bono bana jasoko dute liburu eta diskoetan gastatzeko. Maite Gurrutxagak, liburuaren ilustratzaileak, eman die saria.

Hirugarrena Lasarteko Landaberri ikastetxekoentzat izan da, Txoriak taldearentzat. Ezer ez liburuari buruzko book trailerra egin dute eta saria Inazio Mujika Alberdaniako editoreak eman die.

Bozketan parte hartu dutenen artean zozkatutako e-irakurgailua, berriz, Eneko Ramosi egokitu zaio eta etxean jasoko du saria.

Hemen dituzue irabazle guztien argazkiak: http://kcy.me/16ac2