Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-09-12

Santiago gertuago dago

IBBYko kongresu batek askorako ematen du. Eta Espainiako Estatuan egiten dela aprobetxatuz, bertako hizkuntza guztietan lantzen den Haur eta Gazte Literatura ezagutzera emateko aukera paregabea da. Are gehiago Biltzarraren lema "Gutxiengoen indarra" denean. Horregatik, erakusketa bat prestatu du OEPLIk bere Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko atalekin lankidetzan.

 

Guztira 100 bat idazle eta ilustratzaileren berri jaso ahal izango dute IBBYko 32. Nazioarteko kongresura hurbiltzen direnek. Horien artean, 8 euskal ilustratzaile eta 6 euskal idazlerenak. Aukeraketarako hainbat irizpide ezarri behar izan ziren, ez zelako erraza hautaketa lan hau egitea. Besteak beste, azken hiru urteetan haur eta gazte literaturan lanak argitaratuta izatea eskatzen zen. Baita sari esanguratsuren bat esku artean izatea ere.

 

Horregatik hauexek dira Galtzagorriren laguntzarekin, erakusketa horretan bilduko diren euskal idazleen lan eta biografiak: Pello Añorga, Juan Kruz Igerabide, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Ruben Ruiz eta Patxi Zubizarreta. Ilustratzaileak berriz: Estibalitz Jalon, Belen Lucas, Iñaki Martiarena "Mattin", Jokin Mitxelena, Elena Odriozola, Iraia Okina, Antton Olariaga eta Mikel Valverde.

 

Biltzarrean euskal delegazio bat ere izango da. Batetik, kongresuaren antolaketan lanean ibilitakoak bertaratuko dira. Bestetik, zenbait gonbidatu, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.

 

Biltzarraren programa osoa ikusgai duzue nahi baduzue kongresuko orrialdean, helbide zehatz honetan: http://www.ibbycompostela2010.org/programme-table

 

Bookbird-en euskaraz

 

Kongresuak askorako ematen duela esan dugu. Eta hain zuzen, IBBYren Bookbird aldizkariak Nazioarteko Biltzar hau Espainiako Estatuan egiten dela aprobetxatuz, ale berezi bat eskaini die Estatuko haur eta gazte literaturei. Pep Molist eta Joan Portellek burutuko dute lana. Bertan, Kataluniako Haur eta Gazte Literaturaren, Euskal Haur eta Gazte Literaturaren eta Galiziako Haur eta Gazte Literaturaren bilakaerak aztertzen dira, artikulu banatan.

Euskal Haur eta Gazte Literaturari dagokionez, Xabier Etxaniz EHUko Irakasleak idatzi du. Ingelesez argitaratu da Bookbird osoa, ohi bezala. Baina oraingo honetan, IBBYren web orrialdean, atal berezi bat prestatu eta artikulu guzti hauek gaztelaniaz aurki daitezke. Eta ez hori bakarrik, artikuluak euren jatorrizko hizkuntzan ere irakur daitezke. Beraz, euskaraz, katalanez eta galizieraz aurki daitezke. Hona hemen horiek eskuratu ahal izateko helbidea: http://www.ibby.org/index.php?id=1036