Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-06-16

Roberto Innocenti IBBYren Nazioarteko Kongresuan izango da

Irailaren 10etik 13ra egingo da aurten IBBYren Nazioarteko Kongresua Mexikoko hiriburuan, "Que todos signifique todos. May everyone really mean everyone" lelopean. Hausnarketa eta eztabaidarako gaia Irakurketa faktore inklusibo gisa izango da.

Antolatzaileen iritziz, inklusioa sustatzeko aniztasuna baloratu behar da, desberdintasuna aintzat hartu eta esklusioa sahiestu. Horregatik gonbidatu dituzte kongresu horretara liburuaren eta irakurketaren eragileak: idazleak, ilustratzaileak, sustatzaileak, analistak, Haur eta Gazte Literatura literatura kritikariak eta abar. Mexikon izango dira, besteak beste: Roberto Innocenti, David Almond, María Teresa Andruetto, Gusti, Suzy Lee eta Roger Mello.

Egitarau zabala osatu dute egun horietarako.

Eztabaidagai izango diren gaien artean da ilustrazioarena, istorio askoren motorra dena eta liburu askotan ezinbesteko direnak. Hori dela eta, irailean munduko hainbat lekutako ilustratzaileen lanak ikusteko aukera izango da Mexikoko hiriburuan.

Franz Mayer Museoan "Dibujando el mundo", "Nami Island" eta "Trazos que cuentan, colores que narran" erakusketak izango dira ikusgai. Horrez gain, hiriburuko etorbiderik garrantzitsuenean, Avenida Reforma, Mexikoko 34 ilustratzaileren erakusketa egongo da, eta, Mexikoko Bibliotekan IBBYren sortzaile izan zen Jella Lepmanen (1891–1970) bizitzari buruzko argazki-erakusketa izango da.

Izen-ematea web gunearen bidez egin behar da: http://www.ibbycongress2014.org/es/.