Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-07-28

Roald Dahl protagonista 'Behinola' aldizkarian

Haur eta Gazte Literaturan murgilduta gabiltzanontzat, 2016ak Roald Dahl-en izena darama. Mendeurrenak ezin dira besterik gabe pasatzen utzi eta guk ere besteen aitzakia bera erabili dugu Roald Dahl-en lanaz jarduteko. Behinola honen gai nagusi bihurtu dugu. Bere obraren ezaugarriez, garrantziaz, euskarara egindako itzulpenez, filmetako egokitzapenez eta, bereziki, Galtzagorri Elkarteari dagokion bezala, haur eta gazteen arten irakurketa sustatzeko Dahl-ek sortutako literaturak eskaintzen dizkigun baliabideez idazteko eskatu diegu honako aditu hauei: Manu Lopez Gaseni itzultzailea; Iratxe Fresneda Ikus-entzunezkoen Komunikazioa Doktorea da, eta, Migel Asiain, Galtzagorri Elkarteko presidente ohia, eta Euskal Hizkuntza eta Literaturako Bigarren Hezkuntzako irakaslea.

Baina Roald Dahl esan orduko, Quentin Blake ilustratzailearen trazu dardaratia ikusten dugu; biak bat balira bezala. Hori dela eta aldizkari honetan leku egin nahi izan diogu Dahl-en beste eskuari. Mikel Valverde ilustratzaileak Peonza aldizkariaren 72-73. zenbakian, Quentin Blake ilustratzaileari eskainitako monografikoan, argitaratu zuen artikulua berreskuratu dugu eta euskarara ekarri digu Iñaki Mendigurenek.

Klasikoen egokitzapenez gogoeta

Ibon Egaña Haur eta Gazte Literatura adituak, berriz, Roald Dahlen Errima errebeldeak (2001) (Revolting Rhymes, 1982) liburua hartu du ipuin klasikoen egokitzapenez hitz bi egiteko, eta, horien ondoan jarri ditu Cuatro Tuercas argitaletxearen Bazen behin bitan bildumako klasikoen egokitzapenak.

Hala ere, Behinola honetan ere guztia ez dabil Roald Dahl-en bueltan. Alaine Agirrek eta Jokin Mitxelenak ere Dahl eta Blakek bezain bikote bikaina osatzen dutela erakutsi digute elkarrekin osatu duten Sormenez atalean; Betile bate istorioa idatzi eta ilustratu dute.

Mitxelenak berak egin Behinola honen azala ere; irakur zale askoren iruditegian egongo den Charlie eta txokolate-lantegia liburuko une gozo bat ekarri digu Jokin Mitxelenak. Azaleko haur horiek txokolatea dastatzera doazen grina berberarekin irakurtzen hasteko gonbitea da Mitxelenarena. Gure asmoa, zuri, irakurle horri, orriz orri grina horri eusteko moduko edukia eskaintzea.

Gogoan izan: Galtzagorri Elkarteko bazkideek eta Behinola aldizkariaren harpideek etxean jasoko duzue. Laster liburu-dendetan ere salgai izango da.

Harpidetza edo Galtzagorri Elkarteko bazkidetza egiteko informazio gehiago web gunean edo 943 471487 telefonoan.