Hemeroteka

2024-06-14

Raquel Samitierrek hartu dio lekukoa Mai Egurzari Ilustratzaileen Txokoan

Irailaren 8ra arte Raquel Samitier ilustratzailearen lanak ikusgai egongo dira Aieteko Kultur Etxean, Ilustratzaileen Txokoan.

Raquel Samitier Iruñean jaio zen 1982an. Giza Zientzietan (Kultura Kudeaketa, Nafarroako Unibertsitatea, 2004) eta Arte Ederretan (EHU, 2010) lizentziatua da.

Noaingo (Nafarroa) Kultur Etxean kultura teknikari laguntzaile gisa lan egin zuen zortzi urtez eta, bitartean, teknika piktoriko, digital eta narratiboetan trebatu zen, hainbat ikastaro eta tailerren bidez (Antonio López, Flavita Banana, Darío Adanti, Jose Luis Agreda, Pablo Albo, etab...). Duela urte gutxi batzuk Nafar Lansarek eta CLAVNA Ikus-entzunezko Klusterrak antolatutako "Animaziorako Concept art" ikastaroan parte hartu zuen eta, 2024an, Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera urtero antolatzen duen BikoTeka tailerrean egin du Etor Iraola idazlearekin batera. Bertan, haurrei zuzendutako albumak sortzeko prozesuan murgildu da astebetez Harkaitz Cano idazlea eta AItziber Alonso ilustratzailea gidari izan dituelarik.

Esan liteke bere gaur egungo proiektu pertsonala, oro har, haurrentzako albumetara bideratuta dagoela. Horren bitartez, bere hitzetan, “ilustrazioa eta narrazio grafikoa uztartu” ditzake “haurren mundu liluragarri eta zoroa esploratzeko”.

Euskal Haur Literaturaren esparruari dagokionez, zenbait liburu ditu argitaratuak: Gretaren lagun onena (Yolanda Arrieta eta Raquel Samitier; Denonartean, 2022), Gorka Kaputz eta bere zomorroak (Raquel Samitier; Denonartean, 2021), Basajaun eta munduko beste lagun iletsu batzuk (Donald Navas eta Raquel Samitier; Itzul.: Jone Hualde; Denonartean, 2021), Behisuzkoa (Inés Sáenz de Pipaón eta Raquel Samitier; Erein, 2021) eta Rotia eta Rensu album bilduma (Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde eta Raquel Samitier; Erein, 2021), besteak beste.

Lan horiez gain, bestelako egitasmoetarako ere aritu izan da ilustratzaile gisa lanean. Hala nola, Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren 16. edizioko kartela, Elkarren Euskarazko Jolasen Katalogoa (2023-2024), Nafarroako Edizioaren VI. Azokarako kartela eta Alaitz ikastetxeko liburutegiko “Ipotxen Liburutegia” murala berak eginak dira. 2010ean Iruñeko Ziutatelan paratu zen Nafarroako ilustratzaileei eskainitako “Imajinarioak” erakusketan parte hartu zuen.

Gaur egun, Raquel Iruñean bizi da eta, eta inoiz halakorik lortuko zuela uste ez bazuen ere, lanbidez ilustratzailea da. Bere sorkuntzak bezero eta egitasmo bakoitzak eskatzen dizkion teknika eta estiloari egokitzen trebea da.