Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-03-24

Ramon Olasagastik irabazi du Lizardi Saria

Haur eta gaztetxoentzako literatura suspertzea helburu duen 32. Lizardi Saria Ramon Olasagasti (Berrobi, 1972) kazetari, itzultzaile eta idazleak irabazi du, Sugaar ipuinarekin. Sari banaketa apirilaren 23an izango da, Xabier Lizardiren jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez eta Haur eta Gazte Liburuaren Egunarekin batera.

Lizardi Saria Zarauzko Udaleko Kultura sailak antolatzen du. Aurten, hamazazpi lan aurkeztu dira lehiaketara, eta Olasagastirena hautatu du Jesus Mari Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Iñaki Friera eta Gari Berasaluzek osatutako epaimahaiak. Epaimahaiak argitu duenez, "istorio klasikoa da, baina oso ondo egituratuta dagoena. Misterio puntua ere badu, eta amaiera biribileraino erraz bideratzen du irakurlea, oso euskara sanoan idatzitakoa. Pertsonaia asko agertu arren, orekaz antolatuta dago narrazioa, eta haurrek gustura irakurtzeko moduko lan ederra da. Uste okerrei eta sineskeriei buruzko istorioa da".

Olasagastik 3.700 euro jasoko ditu eta bere lana argitaratu egingo da. Ohi bezala, Zarauzko ikastetxeetan doan banatuko ditu liburuaren 2.500 ale Zarauzko Kultura Sailak. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, datorren apirilaren 23an.

Ramon Olasagasti kazetaritzan aritu da hainbat urtean. Sasoi batean, Euskaldunon Egunkarian mendiko gaien inguruko albisteak jorratzen zituen, eta mendiari buruzko gehigarriaren arduraduna izan zen. Gaur egun, itzulpengintzan aritzen da eta Tolosan bizi da. Liburugintzan, Manuel Iradier, Afrikako arimaren esploratzailea (Elkar, 2009) biografia, eta mendiak eramandako 22 euskal mendizaleren bizitzak biltzen dituen Mendi minez (Elkar, 2007) lanak argitaratu izan ditu lehenago.