Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-01-27

Peru Abarka Album lehiaketa 2014. Idazleen oinarriak

Zabalik da Peru Aberka Album Lehiaketan lanak aurkezteko epea. Urtarrilaren 31 arteko epea dago narrazioak bidaltzeko. Ondoren, idazlana hautatu ostean ilustratzaileen lehiaketa zabalduko da.

Hemen dituzue oinarriak: 

1.- LEHIAKETA Album lehiaketa bi ataletan dago banatuta. Lehendabizi narrazio onena aukeratzeko lehiaketa egingo da, eta ondoren, aukeratutako narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko da. Ondoko oinarri hauek arautzen dute narrazio lehiaketa.

2.- LEHIATZAILEAK Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako edozeinek har dezake parte.

3.- KATEGORIA, IPUINEN GAIA, HIZKUNTZA, GENEROA ETA LUZERA: kategoria bakarra izango da: helduentzako literatura. Ipuinak euskara batuan aurkeztuko dira. Gaia librea izango da, eta ipuinak originalak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketan saritu gabeak izango dira. Azken hori ziurtatzeko egileak zinpeko adierazpena egingo du, baldin eta haren lana lehiaketa honetan saritua bada. Prosaz zein bertsoz idatzia. Narrazioek gehienez 12.000 karaktere izango dute, eta gutxienez 9.000 (espazioak barne).

4.- LANAK NOLA AURKEZTU: lanak honako formatu honetan aurkeztuko dira: DIN-A4 tamainako orrietan, ordenagailuz eta alde bakarretik idatzita, lerrotik lerrora 1,5 aldea utziko da eta Times New Roman izeneko letra mota erabiliko da, 12 puntukoa. Orriak zenbatu egingo dira, eta orrialde guztietan adieraziko da lanaren izenburua. Kopia bakarra aurkeztuko da gutun-azal itxi batean. Gutun-azal horretan ez da egilearen izena ipiniko, titulu edo ikurritz bat baizik. Titulu edo ikurritz berbera idatziko da lanaren orri guztien buruan. Gutun-azalaren barruan, titulu edo ikurritz berbera duen beste gutun-azal bat sartuko da. Bigarren gutun-azal horren barruan adieraziko dira egilearen datuak: izen-deiturak, telefono zenbakia, jaiotze-data eta helbide osoa. NANaren fotokopia bat ere sartu beharko da. Lehiatzaileek gehienez ere bina lan aurkez ditzakete. Epaimahaiak ebazpena emandakoan, lehiatzaileek hilabete bateko epea izango dute aurkeztutako lanak berreskuratzeko. Irabazle ez diren lanen jabetza egileena beraiena da.

5.- NON ETA NOIZ AURKEZTU: lanak Markina-Xemeingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkez daitezke, bai eta postaz bidali ere honako helbide honetara: Markina-Xemeingo Udala “Peru Abarka Album Lehiaketa 2014” Goiko Portala 3 48270 Markina-Xemein. Bizkaia Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da 2013ko abenduaren 6tik 2014ko urtarrilaren 31 arte.

6.- LANEN JABETZA: Udalak bere egingo du sarituaren lanaren jabetza 1. ediziorako, eta argitaletxeari emango dio. Narrazio irabazlea aukeratu ondoren ilustrazio lehiaketa jarriko da martxan. Horretarako, testu irabazlea gaztelaniara itzuliko da. Behin-behineko itzulpen hori ez da argitaragarria izango, funtzio bakarra lehiaketan parte hartuko duten ilustratzaile ez euskaldunentzat lagungarria izatea baita. Narrazio irabazlea, eta horren behin-behineko itzulpena, eskuragarri izango dira lehiaketaren blogean: http://peruabarka.wordpress.com

7.- SARIA: irabazle bakarra egongo da eta 1.700 € jasoko ditu. Horrez gain, lana argitaratu egingo da album formatuan.

8.- EPAIMAHAIA: lehiaketari buruzko erabakia eta epaimahaikideen epaitza irabazleari zuzenean emango zaio jakitera. Gainontzeko parte hartzaileei eta komunikabideei ere jakinaraziko zaie.

9.- BESTE ARAU BATZUK: lehiaketa honetan parte hartzeak berez dakar oinarri-arau guztiok onartzea. Antolatzaileek, lehiaketaren onerako egoki iritziz gero, behar beste aldaketa egin dezakete arauotan. Halaber, zaindu egingo dituzte aurkezten diren lanak, baina ez dute horien erantzukizunik edukiko. Lanek maila nahikoa ez dutela erabakitzen bada, saririk ez ematea erabaki liteke.