Hemeroteka


Elkarbanatu
2008-12-12

Pello Aņorgak irabazi du Euskadi Saria

Jenio gaiztoa eta Gerlari Handia liburuekin zen finalista Pello Añorga. Bazekien, baina ez zekiena zen irabazi egingo zuela horietako batekin. Besteak, Gerlari Handiak Etxepare Saria jaso zuen jada 2007an. Batean zein bestean, Jokin Mitxelena izan du lagun. Eta Euskadi Sarietako epaimahaiak ilustratzaile handi honen lana ere nabarmendu nahi izan du, Euskadi Sariak oraindik ilustrazio atala saritzen ez duen arren.

Jenio gaiztoak neskato bat eta bere gurasoen udako hondartzako egun bat kontatzen du. Xumea dirudi istorioak, baina epaimahaiak dioenez, kontakizunaren intentsitatea handituz doa orriek aurrera egin ahala eta amaierako ezusteak hainbat hausnarketa bide irekitzen ditu. Idazleak imajinario xume bezain sendoa eraikitzen du, epaimahaiaren hitzetan, itsasoaren eta neskatoaren inguruan.

Ipuin kontalari, irakasle, idazle

Pello Añorga 1956. urtean jaio zen Oiartzunen. Donostiako Irakasle Eskolan ikasi ondoren, irakasle aritu zen Oiartzungo ikastolan. 1986an ikastola utzi eta ipuinak kontatzen hasi zen Euskal Herriko hainbat herritan. Azken lan honengatik izango da haurren artean batez ere ezaguna. Era ezberdineko formatuak erabiltzen ditu lan honetan, batzuetan bakarrik kontatzen du, besteetan marrazkilariek lagunduta, musika ere erabili izan du, poesia... Oso ondo pasatzen omen du haurrekin.

Hain zuzen, ipuin kontalaritzak klaseak ematen aritu da Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako Irakasle Eskolan. Horrez gain, irakurzaletasuna sustatzeko beste zenbait egitasmotan ere parte hartzen du. Besteak beste, egun Galtzagorriren Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan gurasoentzako ikastaroak ematen dabil. Ikastaro horietan gurasoei eta hezitzaileei liburu bat nola kontatu, irakurri eta begiratu erakusten die.