Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-11-17

Patxi Zubizarretaren saioa Irakurketa Mintegian

Azaroaren 15ean, larunbatarekin, Irakurketa Mintegia bilduko da hilero bezala Donostiako Haur Liburutegi Nagusian. Saio honetan, ordea, gonbidatu berezi bat izango dute: Patxi Zubizarreta idazlea. "Idazle-irakurleen arteko harreman fisiko nahiz birtualen garrantziaz" goiburu hartuta, formazio saioa eskainiko die mintegikideei. 

'Noiz hasi zinen idazten? Zergatik idazten duzu? Noizbait utziko al diozu idazteari?', halakoxe galderak egiten dizkiote ikastetxe nahiz liburutegietara joan ohi den idazleari. Galdetzaileek, ordea, ez dakite idazle hori batez ere haiek bezalakoxea dela, irakurlea alegia, eta zaletasun —edo agindu— horrexek elkartzen dituela, literaturaren eztiak eta ozpinak. Ezti hori nola landu daitekeen, aurrez aurre nahiz birtualki, ozpin hori nola goxa daitekeen, orain arteko topaketen historia, balorazioa eta proposamenak azalduko ditu Patxi Zubizarretak datorren larunbatean.

Irakurketa Mintegiaren barruan, beste bi formazio saio monografiko ere egingo dira ikasturte honetan: genero berdintasunaz eta haur literaturaz jardungo du Miren Guillok eta galerak/heriotzak eta haru literatura izango du hizpide Juan Karlos Alonsok.