Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-03-30

Pascal Humerbt, Katsumi Komagataren ikasleak hitzaldia eskainiko du hilaren 25ean Amorebieta-Etxanon

Katsumi Komagatak haurrentzat garatu dituen ikusmen-estimulaziorako hainbat liburu argitaratu ditu 1990az geroztik. Adin guztientzako suertatu dira erakargarri bere lanak ordea, "ikuste-poetika" ren bitartez: hitzak baino harago doazen istorioak kontatzen dituzte koloreak, argiak, itzalak, forma zabalgarriak eta egiturak erabilita. Itsuentzako ukipen-liburuak ere sortu ditu.

Komagatak hainbat sari eskuratu ditu lan horiekin, besteak beste Boloniako Umeentzako Liburuen Nazioarteko Azokak 2000. urtean emandakoa edota Tokioko umeentzako Kyushu ospitalean haurrekin egindako lanari esker eskuratu zuen 2006ko Tokyo Design Award-a. Komagatak sortzen dituen lanekin ume txikien jakin-mina esnatzeaz gain gurasoen eta seme-alaben arteko harremana piztu nahi du.

 

Amorebietan ikusgai dagoen erakusketa "Les Trois Ourses" Elkarteak diseinatu du eta Italian, Frantzian eta Portugalen barrena izan da. Hiru Hartz Emeen Elkartea 1988an sortu zuten bibliotekari batzuek: umeentzat lan egiten duten artistei laguntza ematen diete aurkitzea ezinezkoa den liburuen zabalkuntza eginez eta erakusketak sortuz. Profesionalen prestakuntza ere egiten dute liburuen munduan murgil daitezen. Besteak beste, Elkarte honek Bruno Munariren ondarea hedatzen du eta Marion Batailleren ABC3D ekoizpenaren atzean daude. Azken hau Espainian Kokinos-ek argitaratu du.

Amorebieta-Etxanoko erakusketan Komagataren lan asko esku artean erabiltzeko aukera izango da.

 

Pascal Humbert-en hitzaldia

Hain zuzen Komagatarekin prestatu den Pascal Humberten hitzaldiak emango dio irekiera erakusketarekin batera Amorebieta-Etxanoko liburutegiak prestatu duen egitarauari.

Hitzaldiaren izenburua da: "Haurtzaroa eta Abangoardiak, paseo bat umeentzat mende batean egindako liburu artistikoetan zehar". Otsailaren 25ean, goizeko 10:30etan Humbertek emango duen hitzaldian "bidaia miresgarria egingo da artistek sortutako haur-liburuetan barrena, XX. mendearen hastapenetan, konstruktibismo errusiarreko artistekin hasi eta mende osoa zeharkaturik gaurdainoko egileengana iritsi arte"– adierazi du Humbertek berak. Gainera hainbat herri eta kontinente bisitatuko dira bidaia horretan: "Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko zubiak ikusiko ditugu Bruno Munari italiarrari eta Katsumi Komagata japoniarrari esker, bereziki irakurtzen ikasi baino askoz lehenagorako 'aurre-irakurleentzat' eginda dauden liburuen bidez", gaineratu du hizlariak.

 

Pascal Humbertek hainbat forotan eskaini ditu hitzaldiak eta tailerrak. Besteak beste, Bartzelonako Laie eta Valentziako Railowski liburudendetan eta baita "Como Pedro por mi casa" izeneko liburu ilustratuen nazioarteko jaialdian ere; ikastaroak eman ditu Kataluniako Bibliotekarien eta Dokumentalisten Elkargo Ofizialean eta "Nascuts per llegir" (Irakurtzeko jaioak) izeneko Elkartearentzat, osasun zentroetako amatetxeekin batera antolatutako programan, familia guztiei liburu haurrengana gerturatzeko aukera emateko helburuarekin.

Hitzaldia bibliotekari, hezkuntza langile, irakurzaletasuna sustatzeko elkarte, argitaratzaile, liburu saltzaile, irakasle, ikasle, pedagogo, ilustratzaile... eta abarrei dago zuzendua. Baita familiei ere. Irekia da eta debalde izango da.

 

Egitarau betea

Hitzaldiaz gain, otsailaren 27an Komagataren lana interpretatzeko tailerra eskainiko du Ametx erakundeak 6 eta 11 urte bitarteko umeentzat. "KAMI ASOBI"- "Jolas gaitezen papera erabilita!" izenburupean, Yumiko Teramotok paperak bere sorterrian duen garrantzia erakutsiko du jolas-saio honetan.

Bestalde, ISURI erakundeko Aiora Kintanak eta Oskia Álvarezek Komagataren lana oinarri hartuta esperimentazio tailerra prestatu dute, guraizeak, papera eta kola tarteko.

Erakusketa ikusteko bisita gidatuak ere prestatu dira: astearte eta ostegunetan, arratsaldeko 18:00etan. Horretarako izena eman behar da aurrez liburutegian.