Hemeroteka


Elkarbanatu
2017-09-20

Oraindik irakurtzen ez dakiten haurrentzako liburuak abiatu dituzte MarraziOak IX-n parte hartu duten 11 ilustratzaileek

Gaur bukatuko dira MarraziOak IX Topaketak. Astelehenetik 11 ilustratzaile ari dira Donostiako Komikigunean Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaritzaren babesarekin antolatutako Jardunaldi hauetan parte hartzen. Goiz eta arratsaldez aritu dira bertan lanean bost egun hauetan. Haur txiki-txikientzako liburuak erakusteaz gain, horiek sortzeko estrategiak azaldu dizkiete parte hartzaileei Gustavo Puerta eta Elena Odriozola irakasleek. Beraz, genero horretan sakontzeaz gain, bakoitzak bere liburuaren proiektua abiatu du.

 

Haur txikiek behin eta berriz eskatzen diete helduei zenbait liburu irakurtzeko. Zergatik? Bada, liburu hori irakurtzen duten bakoitzean liburuaren esanahian gehiago sakontzen dutelako, ikasi egiten dutelako. Lehenengo irakurraldian ulertu ez dutena harrapatzen doazelako hurrengoetan. Beste batzuetan, behin eta berriz eskatzen dute liburu bera, liburu hori manipulatu egiten dutelako, liburu horrekin interaktuatu eta jolastu. Eta jolastean eta ukitzean, ikasi. Haur txikientzako liburu bat sortzeko garaian, bi abiapuntu daude: batzuetan zer kontatu nahi den pentsatzen du egileak eta gero nola kontatu lantzen du. Beste batzuetan, garbi du nola kontatu nahi duen eta hortik iristen da zer kontatu nahi duen erabakitzera. Halako nozio teorikoak jaso eta ekin diote album bana sortzeari MarraziOak IX. edizioan parte hartzen ari diren hamaika ilustratzaileek.

 

Hain zuen, aurten, honakoak izan dira Puerta eta Odriozolaren gidaritzapean ikasten eta lana egiten aritu diren ilustratzaileak: Olaia Martinez, Saioa Burutaran, Maite Gurrutxaga, Anitz Igoa, Ibon Markaida, Ainara Altuna, Ainara Azpiazu (Axpi), Helena Azkarragaurizar, Izar Etxeberria, Yolanda Yubero eta Iñaki Martiarena (Mattin).

Eta beheko argazkietan dituzue, abiatu dituzten haur txikientzako liburuen adibideetako batzuk:

 

 

 

 

Irudiek argi adierazten dutenez, haur txikientzako “beste era bateko” liburuak sortzea posible da. Orain, abiatutako proiektu horri bakoitzak bere aldetik jarraipena ematea besterik ez da falta.