Hemeroteka


Elkarbanatu
2019-05-02

OEPLIk lau euskal ilustratzaileren lanak aurkeztuko ditu 2019ko Bratislavako Ilustrazio Biurtekora

Maite Gurrutxaga, Elena Odriozola, Jokin Mitxelena eta Miren Asiainen lanak hautatu ditu OEPLIk, Espainiako Estatuko beste 11 ilustratzaileenekin batera bi urtean behin egiten den Bratislavako Biurtekora aurkezteko. Ospe handia duen Haur eta gazte liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa hau Eslovakiako Errepublikako Kultura Ministerioak, UNESCOren Eslovakiako Batzordeak eta BIBIANAk (Haurrentzako Artearen Nazioarteko Etxeak) antolatzen dute. Urrian zehar burutuko da 2019ko edizioa. Mundu guztiko ilustratzaileen jatorrizko lanen erakusketaz gain, haur eta gazteentzako liburuen ilustrazioan adituak direnen nazioarteko sinposio bat ere burutuko da.

OEPLIk (Organización Española para el Libro Infantil), IBBYren Espainiako atala denez, Bratislavako Ilustrazio Biurtekora 15 ilustratzaileren lanak aurkezteko aukera du bi urtez behin. Horregatik Galtzagorri Elkarteko kide diren ilustratzaileek, Galtzagorri OEPLI erakundearen parte denez, aukera izaten dute OEPLIra euren lanak bidaltzeko eta honen bidez beraien partaidetza bideratzeko.

2019ko Biurtekoan parte hartzeko asmoz, 72 ilustratzailek aurkeztu dute guztira euren hautagaitza. 15 izan dira aukeratuak, berriki argitaratutako 21 libururekin. Aukeratuak izan diren 15en artean, 4 euskal ilustratzaileak dira. Honakoak:

Maite Gurrutxaga: “Cascanueces y el rey ratón” (Nórdica).

- Elena Odriozola: “En el bosque” (Libros del Zorro Rojo).

- Jokin Mitxelena: “Itsasadarreko kontuak” (Elkar).

- Miren Asiain: “Versos de la Tierra” (SM).

OEPLIk aukeratu dituen beste 11 ilustratzaileen berri duzue oepli.org web gunean.

 

Azken biurteetan saritutako euskal ilustratzaileak

Bratislavako Biurtekoan, nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen dituzte. Haur eta gazte liburuen ilustrazioen erakusketa honetan nazioarteko epaimahai batek honako sariak ematen ditu: GRAND PRIX bat (3.000 $), 5 URREZKO SAGAR (Bakoitza 1.500 $ eko balioarekin) eta 5 Plaka (bakoitza 1.000 $koa).

Azken urteetan Euskal ordezkaritza zabala izan du Euskal ilustraziogintzak Biurteko entzutetsu honetan. Ordezkaritzaz gain, azken edizioetan sarituak ere izan dira euskal ilustratzaileak. 2015ean Elena Odriozolak Urrezko Sagarra irabazi zuen "Frankenstein" (Nórdica) lanarekin. Odriozola Bratislavako Urrezko Sagarra jasotzen duen bigarren euskal ilustratzailea bihurtu da hala, Asun Balzolarekin batera, Balzolak 1985ean jaso zuen Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako "Txitoen istorioa" liburuarekin.

2013an guztira Iraia Okinak Bratislavako Biurtekoko Plaka eskuratu zuen edizio hartan, "Ilargia esnatu da" (Elkar) liburuarekin.

2011ko edizioan berriz, plaka horietako bat Iban Barrenetxeak eskuratu zuen, "Bombástica Naturalis" (A buen Buen Paso, 2012) liburuarengatik.