Hemeroteka

2023-03-07

Odriozolaren solasaldia eta Europako IBBY-en Biltzarra Bolonian

Martxoaren 6an hasi eta 9ra arte ari dira egiten Boloniako Liburuaren Nazioarteko Azoka. 60. Edizioa da aurtengoa. Urtero bezala, haur eta gazte liburuari eskainitako nazioarteko zita garrantzitsuenetako honetan IBBYk bere standa paratu du eta martxoaren 6an egin berri duen prentsaurrekoan jakitera eman du 2024ko Andersen Sarietarako hautagaien zerrenda. Horien artean dago Elena Odriozola. Odriozolak berak solasaldia eskainiko du gaur, martxoak 7, arratsaldeko lauretan Azokako The Illustrators Survival Corner-en. Giacomo Benelli k egingo dizkio galderak eta Donostiako ilustratzaileak bere sormen prozesuaz, baliatzen dituen ilustratzeko teknikez eta Gustavo Puertarekin batera Ediciones Modernas el Embudo argitaletxea sortzeko hartutako erabakiaz hitz egingo du.

Prentsaurreko honetan bertan eman du jakitera Carolina Ballesterrek, IBBYren Batzorde Exekutiboko buruak,  Bartzelonan izango dela  2028ko IBBYren Nazioarteko Biltzarra.  Laugarrenez hartuko du Espainiako Estatuak IBBYren Biltzar bat, aurrez egin baitziren Madrilen, Sevillan eta azkena 2010ean Santiago de Compostelan. 

 

Europako IBBYak liburuetan etxe bila

Bestalde, martxoaren 9an egingo dute Europako IBBYko atalek euren Eskualdeko Hirugarren Biltzarra. Honako gaia landuko dute bertan bilduko diren Europako IBBYetako ordezkari, sortzaile nahiz bitartekariek: Finding a save home on books (Liburuetan etxe seguru bat aurkitzen). Belgikako Winny Ang haur eta gazteen psikiatrak eskainiko du hitzaldi nagusia “Etxean sentitu: istorioen garrantzia” izenburupean. Beste hainbat egilek eskainiko dituzte lantegi eta aurkezpenak ere, hala nola, Fabio Geda italiarrak, Andrij Lissiv eta Romana Romanyschin ukrainiarrek eta Herbeeretako Edward van de Vendelek .

 

Boloniako Azokako IBBYren standean, gainera, IBBYren hainbat ekimenetarako aukeratuak izan diren mundu guztiko 200 liburu inguru izango dira ikusgai. Besteak beste, 2022ko IBBYren Ohorezko zerrendarako aukeratutako liburuak (tartean, Galtzagorri elkarteak proposatutako Iñigo Astizen “Joemak eta Polasak” eta Elena Odriozolak ilustratu eta Juan Kruz Igerabidek itzulitako “Etxean barrena”). Baita behar bereziak dituzten haurrentzat IBBYk 2023an egindako Outstanding Books for Young People with Disabilities izeneko zerrendarako hautatuak izan diren mundu guztiko aleak ere.