Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-04-27

"Nik uste dut irakurketa plan bat jarri beharko luketela martxan erakunde publikoek"

 Juan Luis Zabala Berria egunkariko kazetariak elkarrizketa egin dio Iñaki Markotegi Galtzagorri Elkarteko lehendakariari, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren atarian. Altxor ezkutuak baso sarrian goiburu duen erreportaje luzearen barruan dator elkarrizketa. 

Besteak beste, Galtzagorri Elkarteak bere lana aurrera eramateko dituen zailtasunez dihardu elkarrizketa horretan, Iñaki Markotegik. Eta horrela dio: "Nik irakasleen formazioan ikusten dut premiarik handiena, eta iruditzen zait alor horretan ez dela behar adinako ahaleginik egiten. Hori ez da bakarrik Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ardura. Profesionalon ardura ere bada. Jendeak ikasi egin behar du, eta garrantzia eman behar zaio."

Hain zuzen, Markotegik jarraian dio prestakuntzaren alor hori sendotzeko Irakurketa Plan bat eskatuko liekeela erakundeei: "Nik uste dut irakurketa plan bat jarri beharko luketela martxan erakunde publikoek. Baina egin beharko litzatekeela alderdien arteko adostasun batekin, etorkizunerako perspektiba batekin eta aurrekontu finko batekin. Irakurketa, eta kultura oro har, zerbitzu sozial bat bihurtzeko".

Bestalde, Galtzagorri Elkartearen 25. urtemuga dela eta, honako balorazio egin du elkarteko lehendakariak: "Nik uste dut lan handia egin duela, eta asko hazi dela azken urteetan. Programa batzuk egonkortu egin dira: Bularretik Mintzora, Liburuen Altxorra, Liburutegi Ibiltariak, Liburu Gaztea, Behinola aldizkaria, irakurketa mintegiak... Bide berriak ere ireki dira: Klis-Klasikoak saila —azkenaldian, diru laguntza faltaz, geldirik badago ere—, Maria Goikoak batbirulau!-ren sakelako telefonoetarako aplikazioak, guraso eta haurrentzako irakurketa klubak...".

Hemen duzue elkarrizketa osoa irakurgai.