Olaia Martinez ilustratzaileari lekukoa hartu dio Nerea Urrestarazuk Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan. Urrestarazuren lanak ikusgai egongo dira ekainaren 8ra arte ohiko ordutegian.
Nerea Urrestarazu Donostian jaio zen 1975ean. Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua eta ikus-entzunezkoetan espezializatua, bere lana beti egon da irudiekin lotuta.
Bere ibilbidearen hasieran, 20 urte inguru eman zituen EITB eta Bainet Komunikazio Taldean telebistako errealizadore lana egiten. 2013an Koloreka (Koloreka illustration & Prints S.L.) sortu zuen, bere marka propioa, eta bertako zuzendari artistiko eta ilustratzailea da orduz geroztik. Proiektua istorioak kontatzen jarraitzeko asmoz sortu zuen Urrestarazuk eta estudioa, arte galeria eta denda da aldi berean. Donostiako Alde Zaharrean kokatuta dago eta, bertan, bereziki Donostiari lotutako ilustrazioak topatu daitezke, egunerokoa estilo garaikide eta hurbilean irudikatzen dutenak.
Erakusketa ezberdinetan parte hartu izan du. 2018an, esaterako, 11 ilustrazioz osaturiko Begimugan erakusketa sortu zuen Ane Zaldibarrekin batera. Bertan, itsasotik Donostiarekin lerro zuzenez loturiko munduko zenbait leku irudikatu nahi izan zituzten. Begi-bistan dagoenari balioa ematea maite du, eszenaren zerbitzura dauden askotariko tresnak erabiliz. Hutsak eta zuriak maite ditu eta, kontzeptualki, lasaitasuna nagusi duten lekuak edo eszenak erretratatzen ditu.
Haur literaturaren esparrua ez da Nerea Urrestarazuk bere ibilbidean zehar gehien landu duena, baina 2024an, adibidez, Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera urtero antolatzen duen Biko-Teka tailerrean parte hartu zuen Ekiñe Egiguren idazlearekin batera. Bertan, haurrei zuzendutako albumak sortzeko prozesuan murgildu zen astebetez Harkaitz Cano idazlea eta AItziber Alonso ilustratzailea gidari izan zituelarik.
Aieteko Ilustratzaileen Txokoan egingo duen erakusketak bide berrien bilaketan aurrera egiteko aukera eskainiko diola uste du.