Hemeroteka


Elkarbanatu
2012-03-30

Miren Asiainek irabazi du 2011ko Etxepare Saria

Ilustratzaile gazte nafar batek, Miren Asiainek, irabazi du 2011ko Haurrentzako Albumak Sortzeko Etxepare Saria. Epai-mahaia osatu duten Patxi Zubizarreta eta Iñaki Agirrezabal idazleek, eta Mikel Valverde eta Jon Zabaleta ilustratzaileek Asiainen "Hara!" albuma saritu dute. Hauen iritziz, teknika desberdinak erabiliz eta "maisuki" nahastuz, "nortasun bisual handiko albuma" osatu du sarituak.

lbum honetako protagonista haur bat da, amonarekin arratsalde pasa joandena, mundu errealaren eta ametsezkoaren artean ibiliko balitz bezala. Gaur egin da sari banaketa ekitaldia eta bertan jaso du Asiainek 6.0000 euroko saria, egile eskubideen aurrerapen gisa ematen dena. Izan ere, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz 2012. urtean.

Bestalde, epai-mahaiak aipamen berezia egitea erabaki du Uxue Alberdik idatzi eta Aitziber Akarretak ilustratutako albuma: "Txikiak zaretenean". Testu "ausart eta itzulipurdikatzailea primeran islatua" datorrela diote epai-mahaiko kideek.

Aurten, guztira 16 lan aurkeztu dira lehiaketara.

Etxepare Saria Nafarroako hainbat toki entitatek, haien Euskara Zerbitzuen bitartez, 2004. urtetik antolatzen duten lehiaketa da. 2006an Etxepare Saria haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. 2009an Etxepare beka izateari utzi eta sari bilakatu zen.

Saria banatzearekin batera, datorren urteko sariketako oinarrien berri ere eman dute gaurko ekitaldian:

- Sari honetara haurrei zuzenduriko lan ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira. Proposamenak albumaren ezaugarriak izanen ditu; hau da, osagarriak diren irudi eta testu laburren bitartez, hari narratiboa duen istorio bat kontatuko du.

- Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Ez da onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere.

- Lehiaketan honela parte hartu daiteke: bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean.

 - Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne).

 - Sari hau azken bi deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta arestian aipatutako baldintzak bete.

 - Lehiaketan parte hartzen duten egileek obra osoaren 6 ale aurkeztu beharko dituzte: bata originala izanen da eta besteak horren kopiak (pdf formatuan). Bertan, testua eta irudiak kokatuko dira.

 - Originalak aurkezteko epea 2013ko maiatzaren 31n itxiko da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna 2013ko ekainaren 29a izanen da.

- Sari bakarra emango da, 6.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da.

- Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz.