Hemeroteka


Elkarbanatu
2007-11-29

Miren Agur Meabek irabazi du bigarren aldiz Euskadi Saria

“Urtebete itsasargian” liburuan Meabek 36ko Gerra garaian girotutako gazte baten istorioa kontatzen digu, Euskal Herriko kostaldeko herri txiki batean kokatuta. Epaimahaiak aditzera eman duenez, honako arrazoi hauek izan dira Meaberen lana saritzera bultzatu dituztenak: “Istorioa oso ongi egituratutako hari narratibo batean emana dago. Bai pertsonaiak, bai une historikoko gainontzeko elementuak, irudi bisual eta zentzuen araberako hizkuntza sarritan poetikoan uztartzen dira”.

 

Miren Agur Meaberen lanarekin batera beste hiru liburu hauek izan dira finalistak 2007ko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Sarian: Imanol Azkueren “Kea airean bezala” (Elkar), Harkaitz Canoren “Lesterren logika” (Elkar) eta Dei Gaztelumendiren “Borobiltxo, ilargiaren bila” (Aizkorri).

Meabe filologo, irakasle, argitaldari, idazle, poeta...

1962an jaio zen Miren Agur Meabe Lekeition. Lehen Hezkuntzako irakasle eta euskal filologoa da. Egun Giltza argitaletxeko zuzendaria da eta euskarazko ikasliburuak egitea du lanbide.

1986an idatzi zuen lehen liburua, “Uneka...gaba” izeneko ipuin-bilduma. 2001ean argitaratu zuen bigarrenak “Azalaren kodea” poema bildumak Kritikaren Saria jaso zuen. Haur eta gazte literaturako hainbat lan argitaratu ditu, 2002an Euskadi Gazte Literatura Saria eskuratu zuelarik “Itsaslabarreko etxea” lanarekin. Eta orain, 2007. urtekoa ere jaso du, “Urtebete itsasargian” liburuarekin. Sari honengatik oroitikurra eta 16.975 euro jasoko ditu.  

 Miren Agur Meabe Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteko kide da. Eta halaxe ziren azken hamar urteetan Haur eta Gazte Literatura Esparruan Euskadi Saria irabazi duten beste zenbait idazle ere, hala nola, Juan Kruz Igerabide (Euskadi Saria 1999an, “Jonas eta hozkailu beldurtia” lanagatik) edota Patxi Zubizarreta (Euskadi saria 1998an eta 2006an, “Gizon izandako mutila” eta “Pantaleon badoa” lanengatik, hurrenez hurren). Azken hamar urte hauetan, saria irabazi duen emakume bakarra izan da Miren Agur Meabe.

 

Jordi Sierra i Fabra, Sari Nazionala

Datu ofizialek 2004an jakitera eman zutenez, Espainiako Estatuko liburutegietan gehien eskatzen zen eta gehien irakurtzen zen idazlea zen Jordi Sierra i Fabra. Eta urteetan sari ugari jaso dituen arren, Sari Nazionala irabazteko asko itxaron behar izan du 50 urteko idazle bartzelonatar honek. “Kafka y la muñeca viajera” lanarekin gailendu da azkenean.

Sari Nazionala irabazi duen nobelak Kafka idazle txekiarra du protagonista. Berlingo parke batetik pasioan zihoala Kafkak neska bat negarrez aurkitu zuela kontatzen du nobelak. Neskak panpina galdu duelako egiten duela negar esaten dio Kafkari eta honek, hura kontsolatzeko, panpina ez dela galdu erantzun, panpina bidaian joan dela kontatuz. Hiru asteetan zehar, Kafkak neskari panpinak egiten ari den bidaiari buruz idatzitako eskutitzak eramaten dizkio.

Sierra i Fabra, nonahi

Bere izena daraman bilduma bat du SM argitaletxeak, Gazteentzako Jordi Sierra i Fabra izeneko Nazioarteko Sari bat dago (2005ean sortua), 300 liburu baino gehiago argitaratu ditu, mintegiak eta hitzaldiak ematen ditu nonahi haur eta gazte literaturaren inguruan, eta bi fundazio sortuak ditu: batak, Bartzelonako Jordi Sierra i Fabra Fundazioak, idazle gazteei laguntzea du helburu. Horregatik jarri zuen martxan 18 urtetik beherakoentzako lehen aipatutako literatur sariketa. Honetarako Santa Maria Fundazioaren laguntza jasotzen duelarik. Bestea, Medellinen, Colombian sortu zuen. Izan ere, urteetan Latino Amerikatik jasotako guztia eskertu nahi zuen. Bi fundazioak autonomoak dira. Medellingo honek mintegiak eta hitzaldiak ematea du helburu eta irakasleak eta bibliotekariak formatzea.

Jordi Sierra i Fabra katalanak beraz, irakurzaletasuna eta idazteko zaletasuna sustatzeko hainbat egitasmotan parte hartzen du, etengabe liburuak idazteaz gain. Geldirik egoten ez dakien horietakoa da beraz. Sari Nazionalarekin jasoko dituen 15.000 euroak zertan erabiliko ote ditu?