Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-07-01

Merezitako sariak banatu ditugu

Gaur banatu dira Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako sariak Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan izan dira Galtzagorri Elkarteko lehendakari Iñaki Markotegi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua; lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean. Horrez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen egile eta editoreak ere izan dira ekitaldian. Besteak beste, Mirentxu Larrañaga itzultzailea (Pijama marradunaz jantzitako mutikoa), Aitor Arana idazlea (Maitasun sua) eta Antxine Mendizabal editorea (Elkar). Eta, noski, saria jasotzera etorri diren Bergarako, Lasarteko, Urnietako eta Donostiako gazteak.

Aurten lehen aldiz, epaimahai batek erabaki ditu irabazle nagusiak. Publiko zabalak, berriz, boto bidez hautatu ditu bi kategoriatako irabazleak eta horiek Publikoaren Saria jaso dute.

Guztira, sei sari banatu dira

2 sari Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoko irabazleari eta DBH3-4 multzokoari; lau lagunentzat abentura txangoa eta ikasgelarentzat 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Norbanakoen kategorian, berriz, maila guztiak batera lehiatu dira eta sari bakarra eman da: 100 euroko bonoa (liburu eta diskotan gastatzeko) eta e-reader bat.

Horrez gain, aurten Publikoaren Saria ere banatu da, boto gehien lortu dituen book trailerrarentzat.

Eta ohi bezala, boto-emaileen artean e-reader bat zozkatu da.

Sariak banatu ahala irabazleen book trailerrak ikusteko aukera ere izan da.

Ekitaldia Idoia Noble itzultzaile, interpretari eta aurkezleak gidatu du.

Ernamuin berria loratzen ari da

Aitor Arana idazle eta itzultzailea izan da sarietako bat eman duena, hain zuzen, berak idatzitako Maitasun sua liburuari buruzko book trailerra egin duten Platano moreak taldeko kideei eman die saria. Bada, saria ematearekin batera adierazi du berak beti pentsatu izan duela "kutura sare handi bat dela eta denon artean osatzen dugula. Eta gaur egun ernamuin berriak loratzen ikustea oso pozgarria da".

Sari emale guztiek izan dituzte esker on eta zorion hitzak irabazleentzat eta euren book trailerrekin irakurketa sustatzen jarrai dezaten gogoz irakurtzen segitzera animatu dituzte.

Epaimahaiaren erabakia

Bestalde, aurten, lehen aldiz epaimahai batek hautatu ditu sari nagusiak. Epaimahaia honako adituek osatu dute: Amaia Pavon HUHEZIko irakasle eta ikus-entzunezkoetan adituak; Joanes Urkixo idazle eta gidoigileak; EIBZtako (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentruko) kideek; eta Ane Lapizondo Galtzagorri Elkartearen Irakurketa Mintegiko koordinatzaileak.

Guztiak bat etorri dira ez dela lan erraza izan esatean. Lehiaketaren maila urtetik urtera hobea da, geroz eta book trailer hobeak bidaltzen dituzte parte hartzaileek eta erabakia hartzeko ondo aztertu dituzte lan guztien alderdi desberdinak.

Amaia Pavon epaimahaikideak, kide guztien izenean, hori adieraziz eta lan horretan aurrera egiteko animatuz bideo bidez agurtu ditu sarituak Suediatik, bertan baitago ikasturte honetan.