MarraziOak X topaketetan hamabi ilustratzailek hartuko dute parte aurten. Harkaitz Canok eta Ignasi Blanchek gidatuko dituzte aurtengo topaketak eta haiek izan dira aurkeztutako ilustratzaileak hautatu dituztenak bakoitzaren lanak aztertu ondoren.
Hauek izan dira hautatuak: Unai Gonzalez, Ainara Altuna, Koldo Balenciaga, Andrea Costas, Gontzal Gutierrez, Ainara Azpiazu (Axpi), Usue Egia, Concetta Probanza, Anaitz Igoa, Leire Kareaga, Eneritz Ibarra eta Irati Merino.
"Memoriaren marretan barrena. Norbere espaziotik, norbere gorputzetik" lelopean egingo dira aurtengo Ilustratzaileen Topaketak, irailaren 13tik 18ra, bost egunez, Donostiako Komikigunean (Errege-Erregina Katolikoen Kalea, 16), Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker.
Memoriaren gaia pil-pilean dabilen garaian, ilustratzaileen mundua ezin gera daiteke kezka horretatik aparte. Tailerrean memoria kolektiboa baino, bakoitzaren oroitzapenei jarriko diete arreta, eta arreta hori modu sortzailean erabiltzeko aukera landuko dute.
Aurtengo MarraziOak-en helburua parte hartzaileek gertuko memoria, letra txikiz idatzitako hori, oinarri hartu, eta haren inguruan hausnartzea eta sekuentziazioa lantzea da. Hala, ikasleei euren bizitzako lekuak, argazkiak, objektuak aipatzea eta eramatea eskatuko diete eta, haietatik abiatuta, barrurantz (nor bere barrura) eta atzerantz (denboran) bidaiatu daitezen. Abiapuntu horretatik, guztien artean mundu intimo hori irakurle orokorrarentzat interesgarri izan daitekeen moduan nola eraldatu daitekeen pentsatzen saiatuko dira. Intimotik hasita unibertsalera iristeko.
Erronka horri aurre egin nahian, formazioa eskainiko zaie MarraziOak X-ean parte hartzeko aukeratuak izan diren 12 ilustratzaileei.