Hemeroteka

2019-04-10

Martxan da Booktuberboom Lehiaketaren III. ekitaldia

Martxan da Booktuberboom Lehiaketaren III. ekitaldia. Datorren irailetik azarora bitartean bederatzi kedada egingo dituzte guztira EAEko liburutegi ezberdinetan. Kedadak irailetik aurrera antolatuko diren arren zabalik dago jada booktubeak bidaltzeko epea. Lehiaketara lanak azaroaren 29ra arte aurkez daitezke eta parte hartzeko oinarriak blog honetan izango dira eskuragarri.

Book (liburua) eta tube (Youtube) lotzen dituen bideoa da booktube-a. Hau da, Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa.

Booktuberboom egitasmoak booktube lehiaketa eta booktuber kedadak hartzen ditu. Kedada hauek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gaztelekuetan zein liburutegietan egingo dira. Helburua 14 eta 18 urte bitarteko gazteen irakurzaletasuna hauspotzea da. Nola? Ikus-entzunezko euskarriak baliatuta. Bide batez, euskal booktuber plataforma bat sortzea dute helburu. Dagoeneko egitasmoak euskal booktuber komunitatearen lehen hazia landatu du. Iazko edizioan 50 booktubetik gora jaso ziren.

Aurreko urteko Booktuberboom Lehiaketa Jone Oiartzun, Asier Larrañaga eta Itsaso Otaegi andoaindarrek osatutako taldeak eskuratu zuen Epaimahaiaren saria Bernardo Atxagaren Sara izeneko gizona liburuari buruzko booktubeari esker. Publikoaren saria berriz Jon Martinez eibartarrak Cornelia Funkeren Tinta bihotz liburuaren booktubeari esker, bi ediziotan eskuratu du eibartarrak sariren bat.