Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-07-07

MarraziOak X ilustrazio tailerra memoriaren marretan barrena doa

Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren babesarekin antolatzen duen MarraziOak ilustrazio tailerraren X. ekitaldia da aurtengoa. Memoriaren marretan barrena, norbere espaziotik, norbere gorputzetik izena jarri diotetailerrari. Memoriaren gaia pil-pilean dabilen garaian, ilustratzaileen mundua ezin gera daiteke kezka horretatik aparte. Tailerrean memoria kolektiboa baino, bakoitzaren oroitzapen besterenezinei jarriko diete arreta, eta arreta hori modu sortzailean erabiltzeko aukera landuko dute.

 

Tailerrean parte hartzeko aukeratutako egileek memoriaren gaiari helduko diote Ignasi Blanch ilustratzailea eta Harkaitz Cano idazlea gidari dituztela. Proposamena norbere espazio gertukoenetik, hau da, gorputzetik, autobiografiatik eta keinuetatik abiatuta sortzen diren irudien sekuentziazioan arreta jartzea da. Memoria, horrenbestez, hausnarketarako gai izango dute, eta sekuentziazioa lanerako teknika. Ilustrazio tailer trinkoa irailaren 13tik 18ra –16a salbu– egingo dute Donostiako Komikigunean (Errege-Erregina Katolikoen kalea, 16. 20006, Donostia).

 

Aurtengo MarraziOen helburua parte hartzaileek gertuko memoria, letra txikiz idatzitako hori, oinarri hartu, eta haren inguruan hausnartzea eta sekuentziazio lantzea da. Hala, ikasleei euren bizitzako lekuak, argazkiak, objektuak aipatzea eta eramatea eskatuko diete eta, haietatik abiatuta, barrurantz (nor bere barrura) eta atzerantz (denboran) bidaiatu daitezen. Abiapuntu horretatik, guztien artean mundu intimo hori irakurle orokorrarentzat interesgarri izan daitekeen moduan nola eraldatu daitekeen pentsatzen saiatuko dira. Intimotik hasita unibertsalera iristeko.

 

NORENTZAT

MarraziOak X. ilustrazio tailerrean formazioa doan eskainiko zaie irakasleek aukeratzen dituzten 12 lagunei. 5 egunez, 5 eta 8 ordutako saioak eskainiko dira. Guztira, 37 orduko tailer praktikoa egingo dute. Honakoak dira parte hartzeko baldintza orokorrak:

• Parte hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar dute.

• Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da.

• Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan izango da.

• Parte hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar.

 

DOKUMENTAZIOA

Ilustratzaile bakoitzak bere 5 ilustrazio bidali beharko ditu, argitaratuak edo ez, bere ustetan bere lana hobekien jaso edo biltzen dutenak. Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko du:

• Curriculuma

• NANaren kopia bat

• Posta elektronikoaren helbidea

• Telefono zenbakia

 

*Dokumentazioa Wetransfer bidez bidali beharko da administrazioa@galtzagorri.eus helbidera.

 

Izena emateko azken eguna uztailaren 6a da. Aukeratutako egileei 2018ko uztailaren 23rako erantzungo zaie.