Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-06-25

Marraz(i)Oak VII. deialdia zabalik da

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak babestuta, 7. aldiz antolatuko ditu aurten Marraz(i)Oak topaketak. Gustavo Puerta literatura eta arte adituak eta Elena Odriozola ilustratzaileak gidatuko dituzte jardunaldiak, "Gauzen lezioak" lelopean. Urriaren 19tik 23ra, bost egunez, Donostiako Komikigunean egingo dira topaketa hauek. Parte hartu nahi dutenek, uztailaren 17a baino lehen bidali beharko dute eskatutako lana Galtzagorri Elkartera.

"Gauzen lezioak"

Joan den mendean “Gauzen Lezioak” izenburua zuten dibulgaziozko argitalpen ugari argitaratu ziren. Irakurlearen jakin-mina, ezagueraren gertutasuna eta gauzak ulertzearen plazera bultzatzen zuten dibertimenduzko obrak ziren “Gauzen Lezioak”. Gertuko hizkera, egitura xumea, ilustrazio deskribatzaileak eta hurbilekoak eta egunerokoak bezain erakargarriak diren era guztietako gaiak zituzten oinarri argitalpen hauek.

Beraz, Marraz(i)Oak VII-n formatu eta genero grafiko zaharrak berreskuratuko ditugu. Gauza arruntek piztu dezaketen lilura sentsaziotik sortzen den ilustrazioa berrekuratzeko asmoa dugu. Gure azken helburua ezagumena eta jakiteko gogoa piztea da.

Hala, Marraz(i)Oak-en, aurten, jakituriaren zuhaitzak, mapak, eskolako laminak, panoramikak… egin ahal izango dituzte izena eman eta aukeratuak diren ilustratzaileek.

Horretarako, tailerrak iraungo dituen 5 egunetan zehar ilustratzaileek kalera atera beharko dute: irudikatu eta ulertu nahi duten errealitatearekin aurrez aurre topo egitea eskatuko baitiete Puertak eta Odriozolak. Ondorioz, nola dendak zein azokak, hala parkeak zein museoak, gune publiko zein pribatuak bisitatuko dituzte.

Gainera aurten, hiriaren erdigunera doa Marraz(i)Oak: Artelekurekin izandako lankidetza urte oparoak bukatu ondoren, Komikigunean (Errege-Erregina Katolikoen Kalea, 16) burutuko dira aurten Marraz(i)Oak jardunaldiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker.

Parte hartzeko baldintzak

Guztira 12 irudigilek izango dute Marraz(i)Oak-eko 35 formazio orduak jasotzeko aukera. Parte hartu nahi duten irudigileek dokumentazio arruntez gain (ikus atxikitako deialdia), irakasleek eskatutako ariketa zehatza (objektu baten lamina, DINA3 batean) ere bidali beharko dute uztailaren 17rako.

Euskal Herriko irudigileek har dezakete parte tailerrean, baina, aurten ez dute lanik argitaratua izan behar Marraz(i)Oak-en parte hartu ahal izateko.

Jasotako hautagaitzak baloratu ondoren, irailaren bigarren astean erantzungo zaie parte hartuko duten irudigileei.

Historia pixka bat

Topaketa hauen hastapenetan argi geratu zenez, Marraz(i)Oak ez dago irudigintzari bideratuta, baizik eta ilustrazioari: alegia, gidoi narratibo bati jarraituz egin beharreko ilustrazio lanari. Ilustrazioak literaturan duen rol hori lantzea da beraz Marraz(i)Oaken xedea, edizioz edizio, era batera edo bestera. Ondorioz, istorio bat ilustratzeko bide ezberdinak arakatzen dira 2009tik urtero antolatu diren Ilustratzaile Berrientzako Topaketa hauetan.

Literaturan orokorrean ilustrazioak garrantzi handia du. Baina bere funtzioa ezinbestekoa da Haur eta Gazte Literaturan. Izan ere, haurrek oraindik irakurtzen ez dakitenean, marrazkiak irakurtzen dituzte, hauekin harrapatuta gelditzen dira.

Sarri ilustrazioa bigarren mailako elementutzat hartua izan da Literaturan. Gure ustez, akats bat dena. Izan ere, gutako askok oroitzen ditugu txikitako ipuin eta istorioak irudien bitartez. Beraz, ezinbestekoa da irudigintza lantzea Haur eta Gazte Literaturaz ari garenean. Eta haur txikienen kasuan, irudien magiak garrantzi berezia du etorkizuneko irakurleak sortzeko.

Gainera, esan beharra dago gurean ilustratzaileen "harrobia" hazten ari den honetan, ilustratzaileek aspaldidanik aldarrikatu izan dutela beraientzako formazio espezifikoaren beharra.

Hala antolatu zituen lehenengo aldiz 2009an Galtzagorrik Artelekurekin elkarlanean arraz(i)Oak Ilustratzaile Berrien Topaketak. Edizio hark jasotako balorazio onaren ostean, ilustratzaile errien topaketen beste bost ekitaldi etorri ziren.

2010ean, ipuingintza eta autoedizioa landu zen, lehenengo edizioan bezala, Ignasi Blanch ilustratzailearen eta Harkaitz Cano idazlearen gidaritzapean. Idazketa, maketazioa eta ilustrazioa jorratu ziren. Modu hartan, ipuin tradizionaletan oinarritutako album ilustratu berriak sortu zirelarik. Bertsio moldatuak eta eguneratuak beraz.

2011n, Gazte Literaturaren eta animazioaren arteko zubia lantzea erabaki genuen. Hori dela eta Gazteentzako Mikroipuin Animatuak izenburua ipini genion Marraz(i)Oak III-ri. Artelekuren uholdeak gertatu ziren ordea, eta horren eraginez, mikroipuin animatu bat sortu zuten ilustratzaile-partaide guztien artean tailer hartan. Isabel Herguera, Oier Guillan eta Joxe Belmonte izan ziren ekitaldi honen gidariak.

2012an, album ilustratu bat sortzeko garaian, Ilusionismoaren teknikak nola erabili landu zen, Gustavo Puerta eta Elena Odriozolaren gidaritzapean.

2013an, Marraz(i)Oak-eko bosgarren ekitaldia burutu zen: "Baztertuak. Album mutuak sortzeko tailerra" lelopean. Bertan, album mutuak sortzeko teknikak arakatu ziren Ignasi Blanch ilustratzailearen eta Harkaitz Cano idazlearen gidaritzapean.

2014an, "Aldare profanoak" izan zuten goiburu Ilustratzaileen Topaketek. Bertan, aldareen begirada desideologizatua lantzeko aukera izan zuten ilustratzaileek, Gustavo Puerta eta Elena Odriozolak gidaturik.

2015ean, "Gauzen lezioak" izeneko formatua arakatuko da tailerrean. Oraingoan, gainera, Komikigunean burutuko da tailerra.