Hemeroteka


Elkarbanatu
2013-08-15

MARRAZ(i)OAK V. EDIZIOAN 2 ILUSTRATZAILEENZAKO LEKUA DAGO ORAINDIK

Guztira, 40 orduko tailer praktikoa litzateke Marraz(i)Oak V.ean egingo dena: 4 egunez, 8 ordutako saioak eskainiko baitira Artelekun. Tailer intentsibo honetan album mutuak sortzeko teknikak ikasi eta arakatuko dira. Album mutuak ilustrazioekin bakarrik istorio bat kontatzeko gaitasuna duten horiek dira. Bada, oraingo honetan, 8 album mutu sortu nahi dira tailer honetatik abiatuz.

Tailerrean parte hartzen duen ilustratzaile bakoitzak, beraz, bere album mutua sortuko du: 14 orrialde bikoitzekin, azala, ataria, guardak, estalkia eta kontrazala. 8 ilustratzaileentzako 4 egunetako tailerra doan eskaintzen du Galtzagorri elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker. Honezkero, 6 parte hartzaile hautatu dituzte irakasleek, hauexek: Yera Sanchez, Maite Gurrutxaga, Idoia Beratarbide, Amaia Arrazola, Lorena Martinez eta Begoña Durruty. Baina beste birentzako lekua bada oraindik. Beraz, parte hartu nahi dutenek, oinarri hauetan eskatzen den dokumentazioa prestatu eta Galtzagorri elkartera igorri beharko dute, abuztuaren 23a baino lehen.

GAIA

“Baztertuak. Album mutuak sortzeko tailerra” izenburua jarri diote irakasleek aurten ilustratzaileen topaketei. Izan ere, album mutuak sortzeaz gain, bazterketaren gaia landu nahi baitute hauen bidez.

Emakumeen kontrako tratu txarretatik homofobiara; gure nagusienganako errespetu faltatik bullying teknologikora; hizkuntz-konfliktoak eta identitateari dagozkionak ahaztu gabe, garai hauetan asko dira elkarbizitza mehatxatzen duten edo zailtzen duten bazterketa arriskuak. Rol eta identitate berriak loratzen doaz, eta arte diziplizina ezberdinek paradigma berri horiei aurre egin behar diete balentriaz.

Norbaitek bere burua baztertua sentitzeko arrazoiak asko eta orotarikoak izan daitezke: ezberdinari beldurra, kulturen arteko talka, bakardadea, zahartzaroa, gaixotasuna... Marraz(i)Oak V. ean, ahal den heinean konflikto puntu hauek aurkitu eta azaleratzen saiatu nahi du Galtzagorri elkarteak. Horretarako, ilustrazioa eta literatura erabiliz.

IRAKASLEAK

Ignasi Blanch i Gisbert. Irudigilea.

Bartzelonako Unibertsitatean Arte Ederretan Lizentziatua. Hiru urtez Berlinen bizi izan zen eta bertako Künstlerhaus Bethanien arte eraikinean irudigintza eta grabazio tekniketan espezializatu zen. Gaur egun Bartzelonan bizi eta lan egiten du. Hainbat argitaletxetan argitaratzen du, hala nola, La galera, Cruïlla, Claret, Parramón, Casals. Saarbrücken-go (Alemania) Haur eta Gazteen Liburuaren Aretoan erakusketa eta saio didaktikoetan parte hartzen du orain dela 10 urtetik hona. “La Nora i en Martí” pertsonaiak sortu ditu Bartzelonako Itsas Museorako. “L’escola de la Dona-Espai F. Bonnemaison” go (2005eko Junceda de Honor Ilustrazio Saria) irudigintza alorreko koordinatzaile ere bada.

Harkaitz Cano.

Lasarte-Orian jaio zen 1975ean. Zuzenbidean lizentziatua da Donostiako EHUko fakultatean. Lubaki Banda literatur taldeko sortzaileetako bat izan zen 1993an. Gidoilari, zutabegile eta kantuen letren idazle; ikus-entzunezkoen munduarekin ere estuki lotua dago. Horrez gain, hamaika liburu argitaratuak ditu dagoeneko. Horien artean Belarraren ahoak lanak Euskadi Saria jaso zuen 2005ean; eta 2012an Twist nobelarengatik jaso du berriz ere Euskadi Saria.

HISTORIA PIXKA BAT

2009an egin ziren lehen aldiz Artelekun Ilustratzaile Berrientzako Marraz(i)Oak Topaketak. Bi ziren hauek sortu eta antolatzeko arrazoi nagusiak: batetik, ilustratzaileentzako euskaraz eskainitako formazioaren hutsunea; bestetik, ilustrazioari literaturan duen garrantzia eta lekua emateko xedea.

Argumentu hauei jarraiki antolatu zituen 2009an Galtzagorrik Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak Marraz (i)Oak Ilustratzaile Berrien Topaketak. Edizio hark jasotako balorazio onaren ostean, ilustratzaile berrien topaketen bigarren ekitaldi bat antolatzeko premia ikusi zen 2010ean. Bigarren ekitaldirako baliabide ekonomikoen eskasia tarteko, berrikuntza batzuk egin behar izan genituen: jardunaldiak murriztuz bai iraupenari zegokionean, bai eskaintzen ziren bekei zegokienean. Marraz(i)Oak IIn ipuingintza eta autoedizioa landu zen. Idazketa, maketazioa eta ilustrazioa. Modu hartan, ipuin tradizionaletan oinarritutako album ilustratu berriak sortu zirelarik. Bertsio moldatuak eta eguneratuak beraz.

Hain zuzen, Marraz(i)Oak-en bigarren edizio hartan sortutako bi album argitaratu berri dira Erein argitaletxearen babesarekin. Era honetan, ilustratzaile berrien topaketei lotutako album ilustratuen zigilu berri bat sortu da: Marraz(i)Oak izeneko saila hain zuzen. 2012an 2 lan argitaratu badira ere, 2013an beste 2 lan plazaratzea espero dugu.

Aldi berean, aipatutako Marraz(i)Oak-eko bigarren edizioan sortutako album horien bozetoak erakutsi ziren Kontuari Kontu izeneko ipuin-jolasean, Koldo Mitxelena Kulturunean, 2012ko uztaila eta abuztuan zehar. Kontuari Kontu ipuin tradizionalen inguruko erakusketa bat da, zeinetara haurren bisita gidatuak egin ziren.

2011n Artelekuko arduradunekin bildu ostean Gazte Literaturaren eta animazioaren arteko zubia lantzea erabaki zuen Galtzagorri Elkarteak. Hori dela eta Gazteentzako Mikroipuin Animatuak izenburua ipini genion Marraz(i)Oak III-ri.

2012an, 4. ekitaldian, album ilustratu bat sortzeko garaian, Ilusionismoaren teknikak nola erabili landu zen. Aipatu jardunaldien edizio honek ere hainbat berrikuntza ekarri zizkion Marraz(i)Oak-i. Izan ere, irakasle berriak izan genituen (Elena Odriozola eta Gustavo Puerta); literatura eta ilustrazioa lantzeaz gain, zinemaren asmakizunaren aurretik sortu ziren hainbat tresnaren ezagutza eta erabilpena sustatu genuen, eta Artelekutik aterata, Zarauzko Photomuseumera ere bisita egin zuen Marraz(i)Oak IV-k, bertan, zinemaren asmakizunaren aurretiko hainbat eta hainbat tresna ikusteko parada izan zutelarik edizio honetan parte hartu zuten ilustratzaileek.

Lau edizio bete dituzte bada Marraz(i)Oak Ilustratzaile Berrientzako Topaketek. Honezkero, frogatua dute beren arrakasta, urtez urte jasotzen ditugun eskaerak eta parte-hartzaileei egiten diegun ebaluazioa ikusirik. Azken hauetan jasotzen ditugun ilustratzaileen iritziak aztertuta, nabarmena da literaturaren esparru honentzako formazio topaketa hauek ezinbestekoak direla.