Hemeroteka

2024-06-24

Marrazioak tailerra egiten ari gara Igeldoko Undermounten

Aurtengo Marrazioak ilustratzaileei zuzendutako tailerra hasi da Igeldoko Undermount elkartean, Donostian. Ignasi Blanch ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak gidatuko dute, eta mozorroen gaia landuko dute. Gaurkoan hasi, eta parte-hartzaileen aurkezpena egiteko —denak emakumezkoak dira, denak ilustrazioan ari dira aldez edo moldez—, dina 3ko paper zuri bat banatu diete eta dozena erdi ilustrazio inguruan euren biografia errepresentatzeko eskatu diete.

Tartea eman diete lana egiteko eta, ondoren, bakoitzak egindako ilustrazioak aurkeztu beharrean —bide batez norberaren biografia—, halak kate bat osatu dute bata besteari paperak pasatuta. Azkenean, bakoitzak beste baten ilustrazioa irakurri du, azken batean, biografia. Ariketa polita egin dute ilustraziogintzari buruzko tailerrari hasiera emateko eta elkar ezagutzeko. Izan ere, ostirala bitartean elkarrekin lanean arituko dira, tarte batzuetan elkarrekin eta beste batzuetan bakoitza bere kasara. Edonola den, Undermount euskal ilustraziogintzaren plaza bilakatuko da egunotan. Azken egunean, ostiralean, bakoitzak, mozorroen harira, landutako proiektua erakutsiko dio taldeari.