Hemeroteka


Elkarbanatu
2017-07-15

MarraziOak IX: Uztailaren 14ra luzatu dugu izen-emate epea

MarraziOak IX topaketetan parte hartzeko izen-emate epea beste astebetez luzatu dugu. UZTAILAREN 14a izango da dokumentazioa aurkezteko azken eguna. Hau da Elena Odriozolak eta Gustavo Puertak haur txikientzako liburuak sortzeko eskainiko duten lantegian parte hartzeko azken aukera. Irakurri oinarriak eta bidali zure lana! Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie aukeratuak diren 12 laguni.

Beharrezko dokumentazioaz gain, irakasleek eskatutako ariketa zehatza bidali beharko da egun horretarako. Jasotako hautagaitzak baloratu ondoren, uztaila bukaeran erantzungo zaie aukeratutako ilustratzaileei.

Aurtengo MarraziOak topaketak, Elena Odriozolak eta Gustavo Puertak gidatuko dituzte “Kosk egiteko, botatzeko, lardaskatzeko eta are irakurriak izateko moduko liburuak egin” lelopean. Irailaren 11tik 15era egingo dira, Donostian, Komikigunean.

Haur txikientzako liburuak sortzeko lantegian parte hartzen duten ilustratzaileak haur txikientzako beste era bateko liburuak sortzen ahaleginduko dira. Haur txikientzako liburuek ez dute liburu-albumek izaten duten ospea. Literaturatik baino jostailuetatik gertuago dagoen merkantziatzat hartzen baitira. Aurreiritzi hori oso errotua dago, eta merkatuan nagusi den eskaintza kaskarrak ez du gehiegi laguntzen.

Baina, posible al da haur txikientzako beste era bateko liburuak sortzea?

Zertarako egin liburuak oraindik irakurtzen ez dakitenentzat?

Erronka horri aurre egin nahian, formazioa doan eskainiko zaie MarraziOak IXn parte hartzeko aukeratuak diren 12 ilustratzaileei. 5 egunez, 7 ordutako saioak eskainiko dira. Guztira, 35 orduko tailer praktikoa izango da.

 

Bidali beharreko lana

Ilustratzaile bakoitzak ume txiki baten egunerokotasuna erakusten duen gutxienez lau ilustrazioz osatutako sekuentzia bat marraztu eta bidali beharko du Galtzagorri Elkartera.

Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko du wetransfer bidez administrazioa@galtzagorri.eus –era:

- Curriculuma

- NANren kopia bat

- Posta elektronikoaren helbidea

- Telefono zenbakia