Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-09-16

Marrazi(O)ak III. topaketetan parte hartzeko deialdia egin du Galtzagorrik

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Marraz(i)Oak-en hirugarren edizioa antolatu du, “Gazteentzako mikroipuin animatuak sortzen” lelopean. Abenduaren 26tik 30era egingo dira topaketok Artelekun.

Marraz(i)Oak-en lehen edizioa ilustratzaileei zuzendua izan zen. Iaz, berriz, idazle eta irudigileei zuzendu zitzaien eta emaitzak ikusita, aurten ere berdin egingo da, baina kasu honetan animazio lan bat sortzea izango dute helburu.

Aurreko edizioetan Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch aritu dira irakasle lanetan, eta aurten ere, eskarmentu handiko profesionalek gidatuko dituzte topaketak: Oier Gillan idazlea, Jose Belmonte ilustratzaile eta animazio egilea eta Isabel Herguera animazio egilea.

Proposatutako balizko egoera batetik abiatuta, ilustratzaileek animazio bana egingo dute. Bakoitzak zati bat landuko du. Ondoren, zati guztiak elkartuko dira animazio oso bat eta bakarra sortuz. Horretarako, ilustratzaile bakoitzari dagokion egoera idatziz pasako zaio tailerra hasi baino lehen behar dituen marrazkiak prestatzeko.

Denen artean sortutako animazio hori idazle/gidoilari/poetei emango zaie, eta horretan oinarritua gazteentzako istorio labur bat sortu beharko dute, kontatzeko eta lokuzioa egiteko.

Guztira 8 ikaslek hartuko dute parte: lau irudigilek eta lau idazle/gidoialri/poetek. Horiek aurrez epai-mahai batek hautatuko ditu. Parte hartzeko beharrezkoa izango da Euskal Herrikoa izatea. Horrez gain, Galtzagorriko bazkide izatea ere baloratuko da, eta irudigileen kasuan, baita Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere.

Galtzagorriko bazkide direnek, gutxienez, 3 liburu argitaratuta izan beharko dituzte. Bazkide ez direnek, berriz, gutxienez, 5 liburu izan beharko dituzte kaleratuta. Animazioaren esparruan esperientzia izatea ere baloratuko da. Izena ematean irudigileek, batetik, 5 ilustrazio aurkeztu beharko dituzte, publikatuak edo ez. Horrez gain, informatikaren esparruan zein ezagutza duten adierazi beharko dute: zein programa ezagutzen dituzten eta, balute, web gune edo blogaren helbidea eta animazio txiki bat ere eskatuko zaizkie.

Idazleek, bestalde, testu propioen lagin laburrak aurkeztu beharko dituzte (poemak, aforismoak, gidoi laburrak, antzezlan zatiak, narrazio laburrak…) publikatuak edo ez. Halaber, web gune edo blogaren helbidea ere eman beharko dute, izango balute.

Horrez gain, denek aurkeztu beharko dituzte: Curriculuma, NANren kopia bat, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia. Dokumentazio horren 3 kopia aurkeztu beharko dira eta CD formatuan bidali Galtzagorri Elkartera (Zemoria kalea, 25 behea. 20.013 Donostia).

Izen emate epea 2011ko abuztuaren 26an amaituko da eta epai-mahaiak hautatutakoei 2011ko irailaren 19rako erantzungo zaie. Horren berri ematearekin batera, ilustratzaileei dagokien animazio zatiaren egoera idatziz emango zaie.

Informazio eta argibide gehiago behar izanez gero irakurri oinarriak edo deitu 943471487 telefonora.

Aurreko edizioetako bideoak: